Iker Larrazabalek hirugarren aldiz hartuko du Mikel Urrutikoetxearen tokia gaur Binakako Txapelketa profesionalean, jokalari bizkaitarra ez da guztiz osatu eta. Amurrioarrak Altuna III. eta Tolosa izango ditu aurrean eta Albisu izango da berriro bere bikotea atzean.
Gogoratu beharra dago Larrazabalek puntako pilotaria izango duela aurrean, Altuna III. amezketarra Binakako Txapelduna izan baitzen iaz eta 2018an. Gainera, 2021ean eta 2020an Lau T´erdiko txapela ere eraman zuen, eta 2021ean Buruz Buruko Txapelketako irabazlea ere izan zen.
22:15ean izango da pilota jaialdia Zallako Mimetiz frontoian eta Larrazabal pozik helduko da hitzordura, nahiz eta pasa den astean Elordi eta Zabaletaren aurka galdu.
Aintzat hartu beharra dago bikote horrek lideratzen duela txapelketako sailkapena eta Larrazabalek 13 puntu egitea lortu zuela. Hori dela medio, amurrioarra zoriontsu azaldu da Aiaraldea Komunikabidearekin hitz egitean: "Pena izan zen ez irabaztea, baina izugarri gozatu nuen, horrelako pilotarien aurka jolasteko aukerak ez dira agertzen egunero eta garrantzitsua da ikastea. Pozik nago %100 eman nuelako eta Albisuk asko lagundu ninduelako. Espero dut horrelako partida gehiago egotea eta berdin gozatzea".