Nola heldu da, zure iritziz, Amurrio Cluba hauteskundeetara, duela urtebete baino gutxiago jende ugari sartu eta gero zuzendaritzan?
Lehenik eta behin, esan behar dut gu hasi ginela harremanetan jartzen Kaskagorri eta Etorkizuna klubekin eta Udalarekin, akordioa lortzeko eta herrian futbol klub bakarra egoteko. Alegia, Amurrio Cluba izatea dena.
Joan ginen negoziatzen eta lantzen, baina zuzendaritzaren alde batetik ez zen inoiz ezer heldu. Ez bestelako proposamenik, ez ezer.
Gauzak horrela, kudeaketa batzordea izatetik zuzendaritza izatera igaro ginenean, batzarra egin genuen bazkideekin eta gure proposamena onartu zuten. Alegia, bazkideek eurek babestu zuten jarraitzea Kaskagorri eta Etorkizunarekin negoziatzen.
"Kaskagorri eta Etorkizunarekin klub bakarra sortu behar dugu, Amurrio Cluba izango dena goitik behera"
Egitasmoak aurrera egiteko behar genuen pertsona bat, potentea, kirol zuzendariaren lanak betetzeko. Norbait tituluduna eta Aiaraldekoa, jakina. Negoziaketa horiek eramaten genituenok proposamena jarri genuen mahai gainean eta zuzendaritza ados zegoen.
Gero pertsona horrek proiektua azaldu zuen, senior taldetik ume txikienera arte. Adostasuna egon zen, baina pertsona horrek azpimarratu zigun beste hautagai batzuk bilatzeko beharra, bera ez izateko aukera bakarra eta proiektuak eta ereduak alderatzeko.
Guk proposatu genuenez, ez genuen inor gehiago bilatu eta zuzendaritzaren beste aldea ere ados zegoen proiektuarekin eta aurrera egin genuen.
10 egun beranduago berriro hitzordua egin genuen berarekin zenbait zalantza argitzeko eta berak eskatu zuen lan egiteko tartea emateko, edozein kritika egin baino lehen.
Handik gutxira zuzendaritzaren alde batek adierazi zuen kirol zuzendariak agian ez zuela jarraitu nahi une horretan senior taldean zegoen entrenatzailearekin. Hor hasi zen harremana apurtzen zuzendaritzaren barruan. Dena joan zen endekatzen atzera bueltarik gabe eta pikutara joan zenean erabaki genuen zuzendaritzako gehiengo bat prest geundela denboraldi amaierara arte jarraitzeko eta gero uzteko, baina bozkatu behar genuela zein eredu eta proiektu nahi genuen kluberako.
Guk irailetik landu dugun proiektua dugu eta beste aldeari eskatu genien eurena aurkezteko. Helburua zen proiektuak bozkatzea, onena hautatzea eta eztabaida ez zabaltzea herrira, gero udan erabakitzeko zer egin.
"Esperientziak irakatsi digu Amurrio Clubak edo CD Laudiok desagertzeko zorian egon direla soldata handiak ordaindu dituztenean"
Beste aldeko kideek ez zuten bozkatu nahi izan eta batzordetik joan ziren. Bederatzi edo hamar geratu ginen, ez genuen ulertzen zen gertatu zen. Ikusita ez zegoela eztabaidarako tarterik, dimisioa aurkeztu genuen guztiok eta hauteskundetan gaude denboraldi erdian.
Zeintzuk dira zuen proiektuaren ezaugarriak?
Aiaraldeko jokalari eta teknikarietan oinarrituta dago bazkideei proposatutako proiektua. Ekonomikoki gardena. Alegia, aurretik bazkideei aurkeztutako proiektua da. Izan ere, bazkideak dira klubaren jabeak, eta ez gu. Eurek ez badute proiektua onartzen, alde batera egingo dugu.
Nola ez, gure itxaropena da Kaskagorri eta Etorkizuna klubekin akordioa lortzea herriko futbola bateratzeko. Berdin zaigu zenbat aldiz elkartu behar garen eurekin.
Epe motzean gure helburua da klub horiekin adostasuna erdiestea, Amurrio Cluba izateko goitik behera. Halaber, nesken futbol proiektuak aurrera egin behar du, hemengo kirolariak ez joateko beste udalerri batzuetara jokatu ahal izateko. Halaber, kluba ekonomikoki saneatu nahi dugu.
Oinarria eta harrobia zelaitik landu behar dira, eta ez bulegoetatik. Eta zerbait txarto egiten badugu, nahi dugu bazkideek gu botatzeko aukera izatea, ze Amurrioko futbolaren zati batean badirudi ezin dela inor etxera bidali.
Zein da klubaren egoera, zuen ustez?
Hobetu beharra dago klubaren kontzeptua. Bakarra izan behar dugu Etorkizuna eta Kaskagorrirekin, ezin gara egon presidenteen hika-miken menpe.
"Kluba ekonomikoki saneatu badugu ere, zor guztiak ordaindu behar dira"
Bestalde, zor ekonomikoen esparruan lan aparta egin da, baina oraindik kitatu behar dira zorrak eta analizatu eta ordaindu behar da dena.
Epe luzera lan egin behar dugu Aiaraldearekin. Hiruzpalau urtetan talde benetan lehiakorra izateko senior kategorian.
Kirol esparruan zein da zuen xedea? Amurrio Cluba hainbat urtez egon zen 2.B mailan.
Gure esperientziagatik, Aiaraldeak duen biztanle kopurua dela eta, mugak ditugu, baita ekonomikoki ere. Esperientziak irakatsi digu Amurrio Clubak eta CD Laudiok soldata handiak ordaindu dituztenean zenbait kategoriatan egoteko, zor ikaragarriak eragin dituztela eta desagertzeko zorian egon direla.
"Nik nahi dut Basarten giroa egotea, Urduñan gertatzen den moduan"
Nik nahiago dut Basarte ikustea irailean, urrian eta azaroan ikusi dugun moduan, Aiaraldeko jendearekin zelaian, lagun eta senideekin, iaz zegoen moduan baino; hirugarren mailan, jokalari guztiak kanpokoak izanda eta Basarten bost lagun egonda. Nik nahi dut jendea eta giroa egotea, Urduñan gertatzen den moduan.
Gero, harrobia ondo lantzen bada eta belaunaldi onak badatoz eta, zorionez, hirugarren mailara igotzen bagara, berdin jarraituko dugu. Ez dago gure helburuen artean 1.000, 1.500 edo 2.000 euroko soldatak ordaintzea 3. edo 2.B mailan egoteko, nahiago dugu lagunekin eta auzokideekin topo egitea zelaian, horrek asetzen gaitu.