2020a 98 milioi euroko galerekin eta 2021a 64,7 milioi euroko kalteekin amaitu ondoren, 2008az geroztiko daturik onenak aurkeztu berri ditu Tubos Reunidosek: 43,5 milioi euroko mozkin garbiak lortu zituen 2022ko ekitaldian. Izan ere, iazko negozio-zifra 514 milioikoa izan zen, 2021ekoaren bikoitza.
Enpresak adierazi du hazkundearen erantzule nagusia salmenta-prezioa dela, salmenta-bolumena ere handitu badu ere. Azpimarra jarri du energiaren eta lehengaien prezioen gorakadaren aurrean merkatuan progresiboki eragiteko gaitasuna izan duela, bai eta gerora mantentzekoa ere, “aldakortasun handia gorabehera”.
Emaitzek enpresaren berreskurapena baieztatzen dutela azaldu du Francisco Irazusta presidenteak: “Oso mugarri garrantzitsua da, plan estrategikoan aurreikusitako inbertsioei eta hartzekodunekiko ditugun konpromiso guztiei aurre egiteko aukera ematen diguna. 2022a eskaeren eta kostuen aldakortasunak markatu du, eta uste dut 2023ak ildo berean jarraituko duela, desberdintasun batekin: 2023a 303 milioi euroko eskaera-zorroarekin hasiko dugu, iazko hasieran genuena baino %71 handiagoa, eta baikorrak izaten laguntzen digu horrek”.
Inbertsioak eta hobekuntzak
Amurrioko eta Iruñeko lantegietako hotzeko tenkaketa-unitateak bateratuko dituztela azaldu du hodi ekoizleak, bai eta Amurrioko eta Traparagango galdategi-prozesuak kontzentratuko dituztela ere. Azken hau 2023ko lehen seihilekorako amaituta egotea espero du enpresak.
Horri esker, instalazio berean totxoak eta lingoteak ekoizteaz gain (diametro eta konposizio desberdinetako hodiak fabrikatzeko beharrezko lehengaia), altzairua galdatzeko prozesuaren eraginkortasuna asko hobetuko dela azaldu du enpresak.