AMURRIO CLUBEKO HAUTESKUNDEAK

“Udalerriko futbol talde guztiak, akordio baten bidez, Amurrio Club barruan ikusi nahi ditugu”

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 2a, 13:00
Laurentz Ibarrola eta Carlos Hernandez. / Aiaraldea.eus

LAURENTZ IBARROLA eta CARLOS HERNANDEZ (Amurrio) Etorkizuna Batuz hautagai zerrendako buruak dira, eta ostiral honetako hauteskundeetan Amurrio Clubeko presidentetzaren ardura hartzeko prest egongo dira.

Nola bukatu duzue hauteskundeak deitzen?

 

Batzordeko kide batzuek harrobia zuzentzeko persona bat bilatu zuten. Pertsona honek abenduan batzordeari azaldu zigun berak proiektu bat zeukala Amurrio futbol taldearentzat, baina baldintza batzuekin. Lehena, harrobia bakarrik zuzentzea ez zuela nahikoa, helduen taldeak ere zuzendu nahi zituela.

 

Bigarrena, kirol erabaki guztiak berak hartuko zituela; eta hirugarrena, batzordeko pertsona guztiak ados egon behar zirela proiektuarekin, bestela ez zela sartuko. Hurrengo batzordearen bilera batean, zenbait pertsonek adierazi zuten bigarren puntuarekin ez zeudela ados.

 

Kirol zuzendari bati erabakiak hartzen lasai utzi behar zaiola, bai, baina ez den-denak. Badirela erabaki garrantzitsu edo berezi batzuk, adostuak izan behar direla, futbol talde guztietan gertatzen den bezala.

 

Bilera horretatik aste batzuetara, beste hautagaitzan dauden batzordeko zenbait kidek lehendakaria ordezkatzeko ekimenak hasi zituzten, eta pixkat geroago, jakin genuen proposatutako kirol zuzendariak, iritzia adierazi zuten pertsona horiek kargutik kendu nahi zituela. Hauen artean lehendakaria eta lehendakariordea, orain arte proiektu hau ateratzeko hainbeste lan egin duten pertsonak.

 

Beste hautagaitzak uste du, bere proiekturako, momentuan zegoen entrenatzailearekin ez kontatzeagatik zela gure desadostasuna, baina hori ez da egia. Argi dugu Amurrio bezalako futbol talde batean, ez dela normala hurrengo urteko entrenatzailea azaroan erabakitzea, konfidantza guztia kentzen diozulako edozein entrenatzaileri; baina gure desadostasuna kirol zuzendariak eskatzen zuen botere absolutuan zegoen.

 

Honetaz gain, Kaskagorri eta Etorkizunarekin egindako negoziazioekin ere desberdintasunak egon dira. Beste hautagaitzak argi zuen negoziazioak bukatu zirela eta bere proiektuan, Amurrio Clubek berak, harrobiko talde guztiak ateratzen saiatuko zela, Kaskagorri eta Etorkizuna errespetatu gabe. Baina hauteskundeak heldu diren heinean, iritzia aldatu eta negoziatu nahi dutela esaten dute. Auskalo zer gertatuko litzatekeen hauteskundeak haiek irabaziko balituzte.

 

Zeintzuk dira zuen proiektuaren ezaugarriak?

 

Guk Amurrioko Etorkizuna eta Kaskagorri taldeak Amurrio Club izatea nahi dugu, baina ulertzen dugu bateratze hori adostua izan behar dela. Erakunde hauekin oso erlazio ona daukagu eta ziur gaude fusioa oso laster lortuko dugula, haurren artean inolako zatiketa sortu gabe.

"Etorkizuna eta Kaskagorriko 12-18 urteko futbol taldeek Amurrioko kamiseta txuriurdina jantziko dute"

 

Momentuz, gauza batzuk lortu ditugu, adibidez, 12-18 urteko futbol taldeek Amurrioko txuriurdin kamiseta jantziko dute eta guk proposatutako kirol zuzendari batek hiru erakundeen futbola zuzenduko du.

 

Kaskagorriko gazte kategoriakoak Amurriora pasako dira eta, gainera, akordio honen bidez, harrobiko taldeek jarraituko dute jolasten Arabako maila gorenetan eta ez dituzte bat edo bi maila galduko.

 

Zein da klubaren egoera?

 

Klubaren egoera ona da, Basarte futbol zelaian sekulako giroa egon da partida batzuetan, eta espero dugu eguraldi onarekin mantendu edo hobetzea. Arlo ekonomikoan, aldiz, aurreko urteetako zorra daukagu, baina pixkanaka ordaintzen ari gara, bazkide eta hainbat merkatariren laguntzari esker.

 

Zein da zuen helburua kirolaren esparruan?

 

Gure lehenengo taldea, azken urteetan ez bezala, Aiaraldeko jokalariez osatuko dugu eta ahalik eta lehiakorrena izaten saiatuko gara. Amurrion eta inguruan futbolean jolastu nahi duten gazteei, Amurrion jolasteko aukera emango diegu, bai Amurrio B sortzen edota emakumeen futbol talde bat abiatzen ere.

 

Harrobiari begira, aurten lan eredua aldatu da Kaskagorrin eta Etorkizunan, eta momentuz badirudi emaitza positiboa dela. Aldaketa ona den ala ez jakiteko urte batzuk itxaron beharko ditugu, eta horregatik ere, erakunde hauek eta bertan diharduten pertsonek daramaten proiektua errespetatu nahi dugu; baina argi utzi nahi dugu: gure helburua da Amurrioko futbol talde guztiak, akordio baten bidez, Amurrio Club barruan ikustea.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide