JAZZBANA ENSEMBLE

"Gure antzezlana aitzakia da familia guztiak jazz musika entzun dezan Amurrio Antzokian"

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 3a, 08:34
Hainbat musikari igoko dira oholtzara igandean Amurrio Antzokian.

IRATI BILBAO, MIKEL GABIOLA, OSKAR LAKUNTZA, IÑIGO CUENCA, ARITZ LUZURIAGA eta RAKEL ARBELOA musikariek osatzen dute Jazzbana Ensemble taldea, eta Bidai on amona Braulia antzezlana ekarriko dute Amurrio Antzokira igandean.

Bidai on amona Braulia familia guztiarentzako ikuskizuna da, ezta?

Bai txikiek bai helduek gozatu eta ikasi dezakete Jazzbana Ensemblek sortutako ikuskizunarekin.

Istorioa haur baten ikuspuntutik dago kontatuta. Sarahk, gure protagonistak, txikiek uler dezaten hizkuntzan azaltzen ditu gauzak eta nabaritu dugu helduen artean efektu berdina gertatu dela. Ezezaguna den historia kontatzen dugu (musika modernoaren sormena eta garapena) eta hau esperimentatzeko eta ikasteko modurik dibertigarriena eta politena ikuslea horren parte egitea da. 

Publikoa partaide egiten dugu, bai kantatzen, bai istorioaren barruan sentiaraziz eta horregatik txikiek eta handiek disfrutatzen dute gurekin.

Antzezlana izanda ere, obraren muina musika da, ez da horrela? Hau da, istorio nagusia aitzakia da zuzeneko musika entzuteko.

Esango genuke jazz musika zuzenean entzuteko aitzakia dela. Ezezaguna den musika estiloa da oraindik, bere jatorria ezagutzen ez dugulako. Horregatik erabiltzen dugu antzerkia, ez da kontzertu didaktiko bat soilik. Publikoak jazz musika deskubritzea eta ulertzea da gure helburua.

"Familia osoak zuzenean jazz musika entzuteko aitzakia da gure antzezlana"

Horretarako antzerkia erabili dugu; azalpen eta istorio dibertigarri baten bitartez musikak izandako aldaketak azalduz eta momentuan bertan joz ta antzeztuz jendea engantxatzea lortzen dugu. Gaur egungo musikaren jatorria azaltzen dugu antzerkiaren eta zuzeneko musikaren bitartez, baina benetan gertatutako historia kontatuz, Louis Amstrong edo Charlie Parkeren anekdotak antzezten, alegia. 

Braulia pertsonaia fiktizioa da baina, bere istorioari esker ezagutu dezakegu nola jaio zen egun entzuten dugun musika modernoa (Rock-a, funk-a, soul-a...).

Zer kontatzen du, berez, istorioak? Zein garai historikoan dago girotua?

Brauliak amerikar musikari batzuekin egiten du topo eta Ameriketara bidaiatzea erabakitzen du. Urteak igaro zituen musikari hauekin jotzen eta kontinente osoan zehar bidaiatzen. Bidaia honetan historian zehar musikak jasandako aldaketak esperimentatzen ditu. Publikoak New Orleanseko brass band-ak, ragtime-a, dixie musika, blues-a, gospel-a, Swing-a eta bebop-a musika entzun dezake gurekin. 

Jazz musika, hizkuntza inprobisatua, XIX.mendearen bukaeran jaioa da, baina gure amona XX. mendeko lehendabiziko hamarkadan jaioa dugu. Mendearen lehendabiziko 50 urteetan murgiltzen da istorioa.

Nola sortu zen lan hau egiteko ideia eta nola batu zineten taldekideak?

Musikenen elkar ezagutu ginen. Konturatu ginen egun ez dagoela aukerarik musika modernoa ikasteko, ez dagoela hezkuntza arauturik hori egin ahal izateko. Gaur egun, haur batek pianoa, tronpeta, saxofoia...ikasi nahi badu, klasikoa da musika eskolan edo kontserbatorioan jasotzen duen hezkuntza  mota bakarra.

"Musikenen elkar ezagutu genuen eta konturatu ginen gaur egun ez dagoela aukerarik musika modernoa ikasteko, ikasketa bakarra klasikoa da. Ikuskizun honen bitartez musika modernoa familietara hurbildu nahi dugu"

Guk klasikoa ikasi dugu Musikenera sartu baino lehen, jazz-a edo bestelako musika modernorik ikasteko aukerarik ez dugu izan eta hezkuntzan dagoen hutsune horrekin ezin dugunez borrokatu pentsatu genuen ikuskizun honen bitartez musika modernoa familietara hurbildu genezakeela. 

Ez bakarrik txikiek, gurasoek ere, azalpenei esker, modu ezberdin batean entzuten dute jazz-a gurekin, eta horrela mundu eta aukera musikal berri hau erakusten diegu.

Non dago antzezlearen eta musikariaren arteko muga zuen lan honetan?

Irati Bilbaok dauka ardurarik handiena. Oholtzan dago ikuskizun osoan. Gutako batzuk antzerki tailerrak egin ditugu baina, egia esanda, zaila izan da ikuskizun hau aurrera ateratzea.

Gu, esan bezala, musikariak gara eta betidanik egon gara mundu honetan. Nahiz eta musika eta antzerkiaren diziplinek askotan zerikusia duten, oso diziplina ezberdinak dira. 

Bidai on, amona Braulia antzerki zuzendari batekin landu dugu, Mercedes Castaño, eta bere lanari esker oholtzan nola mugitu eta nola antzeztu ikasi dugu.

Zein da zuen helburua lan honekin?

Esan bezala, musika modernoa familiei hurbiltzea, jakin dezaten aukera ezberdinak daudela musikaren munduan murgiltzeko eta, behin azalpenak jasota eta entzunda, espero dugu jazz musika modu ezberdin eta berezi batean entzuten hastea. Ez dugu ahazten emakume tronpetajole eta bateriajole bat oholtzan ikustea adibide aparta dela txikientzat. 

"Emakume tronpetajole eta bateriajolea oholtzan ikustea adibide aparta da txikientzat"

Duela 100 urte Ameriketara lan bila joan ziren gehienak gizonezkoak izan ziren. Ez hori bakarrik, emakumezko musikariak itzalean egiten zuten lan eta beraiei esker egun ezagutzen ditugun musikari askok, Louis Amstrongek eta Charli Parkerek, esaterako, fama hartu zuten. Amona Braulia baterijolea eta bere biloba Sarah tronpetajolea eszenatokiaren gainean ikustea, batzuentzat, deigarria egiten zaie oraindik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide