Elkarretaratzea egin du gaur Amurrioko Udaletxe aurrean bertako Langileen Komiteak. Modu horretan, langileek Udalari exijitu diote 2017an sinatutako akordioa bete dezan eta "langileak errespetatu" ditzan. Izan ere, haiek euren zatia bete dutela azaldu dute; baina salatu dute Udalak “bizkar eman” diela, eta engainatuak sentitzen direla.
2017an Amurrioko Udal Gobernuak eta LAB, ELA eta CCOO sindikatuek osatutako Langileen Komiteak akordioa sinatu zuten udal langileen baldintzak hobetzeko.
Bertan, Udalak aitortu egiten zuen langile batzuek funtzio gehigarriak zituztela eta ez zeudela behar bezala ordainduta. Orduko krisialdi egoera aintzat hartuta, langileek gehienezko sei urteko epealdia onartu zuten soldata horiek eguneratzeko. Trukean, “bake soziala” eskatu zietela azaldu du egungo Langileen Komiteak (LAB, ELA eta ESAN).
Geroztik, hala izan dela argitu dute: “Guk gure zatia bete dugu. Udal Gobernu Taldeak, ordea, ez. Bidean, lankide batzuk jubilatu egin dira eta beste batzuk laster jubilatuko dira, euren akordioaren zatia beteta eta Udalak bizkar emanda”.
Azken hamar urteetan erosahalmena zuzenean %20 txikitu zaiela salatu dute, bai eta lan-desplazamenduetako dietak ez dizkietela 2005etik eguneratu, “erregaien prezioak data horietatik %230 garestitu direnean”.
Bete dira sei urte akordioa sinatu zutenetik eta Udalak esan omen die “ez duela ezer egingo”.
Erosahalmenaz harago
Langileen Komiteak azaldu duenez, arazoa ez da soilik diru kontua. Kexu dira Udalak langileen ordezkaritza errespetatzen ez duelako. “Egun batetik bestera deitzen ditu Komitearekin egin beharreko bilerak eta ez du ezer negoziatzen gure ordezkaritzarekin, proposamenek ondorio ekonomikoak izan edo ez. Komitea bilera batera deitzera mugatzen dira, elkarlanerako eta negoziaziorako denborarik utzi gabe, gurekin 'negoziatzeko' elkartu direla akta baten jasotzeko. Bilera horietan komitearen proposamen guztiei ezezkoa ematen zaie eta Udala kudeatzen dutenen erabakiak alde bakarrez inposatzen dira. Horrela ulertzen du Gobernu Taldeak bere langileekin izan beharreko negoziazioa”, adierazi du.
Horrez gain, Udalak “10 orduko tartean” aurrejubilazioen primak ezabatu dituela salatu dute. Udalhitzeko hitzarmenaren bidez, orain arte aurrejubilazioak bultzatu izan ditu Amurrioko Udalak prima bidezko konpentsazio partzialekin.
Egun batean, ordea, bilera egin zuen komitekideekin 09:00etan eta arratsalde horretan bertan, osoko bilkuran, “inolako negoziaziorik eman gabe”, urte luzetan indarrean egondako primak ezabatu zituen.
Komiteak argitu du badaudela lege formulak eskubide hori bermatzeko, eta “borondate politiko” kontua dela, hainbat udaletan bermatu dituztelako hobariak.
Hala, lan baldintzak hobetzen ez dituzten bitartean, langileek argi utzi dute “borrokatzeko prest” egongo direla, "negoziatzeko prestutasun osoarekin, Udalak egoera bideratzeko asmoa agertzen duenean".
š¢Langile komiteak duela 6 urte sinatutako akordioa betetzeko eta langileak errespetatzeko eskatu dio Amurrioko Udalari pic.twitter.com/Jobcgqja4C
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) March 3, 2023