Unai Isasi amurrioarra atxilotu du Ertzaintzak Gasteizen. Martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioa amaitu eta minutu batzuetara, kalez jantzitako polizia talde batek lurrera bota eta atxilotu du. Zabaldutako informazioaren arabera bigarren gazte bat ere atxilotu dute.
Biak gaueko 23:15ak alder askatu dituzte Lakuako komisaldegitik. Ertzaintzak, ordea, gazteei elkartasuna adierazteko polizia-etxearen atarian bildutako herritarrak identifikatzen aritu dela salatu dute.
Hala Bedi Irratiko kazetariek atxiloketaren unea grabatu dute:
Gaztea atxilotu duten momentuaren irudiak.#M3moria pic.twitter.com/G61raKhBi4
— Hala Bedi (@halabedi) March 3, 2023
Hori baino lehen, Lakuako polizia-etxera eraman dute Isasi. Konfiantzazko abokatuari ez diote izendatzen utzi, eta Ertzaintzak ofiziozko abokatua jarri dio gazteari.
Desordena publikoak eta agintarien kontrako erasoa leporatzen dizkiote Unai Isasiri; bigarren gazteari, aldiz, desordena publikoak.
Lehen atxiloketarekin harremana
Lekukoek azaldu dute Gasteizko manifestazioa lasaia izan dela, alegia, ez dela istilurik egon, baina bai polizia mordoa.
Gauzak horrela, mobilizazioaren erdian kalez jantzitako ertzain batzuek etxera joaten ari zen gazte bat atxilotu dute.
Hori ikusita, gazte amurrioarrak oihukatu die eta salatu du gertatzen ari zena. Unean bertan poliziak ez du ezer egin. Aldiz, manifestazioa amaitu denean eta plaza husten hasi denean, kalez jantzitako zazpi ertzainek Isasi bota dute lurrera eta gero eraman dute.
Hain zuzen, amurrioarra ospitale eraman dute, baina senideei jakinarazi die ondo dagoela.
Mobilizazioak
Gazte Blokeak deituta elkarretaratzeak egingo dituzte gaur -martxoak 4- Lemoan, Gasteizen eta Amurrion atxiloketak salatu eta atxilotutako gazteei elkartasuna adierazteko. Amurrion Juan Urrutia plazan egingo dute mobilizazioa, 13:00etan.