UNAI ISASI AZKARRAGA

"Eskuburdinak oso estu lotu zizkidaten, eta min egiten zidatela esaterakoan are gehiago estutu zituzten"

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 6a, 16:00

Ertzaintzak martxoaren 3an atxilotu zuen Unai Isasi Azkarraga gaztea. / Aiaraldea.eus

UNAI ISASI AZKARRAGA (Amurrio, 1998) gazte amurrioarra atxilotu zuen Ertzaintzak iragan ostiralean Gasteizen; 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioaren testuinguruan. Atxiloketaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Martxoaren 3ko manifestazioaren ostean atxilotu zintuzten. Nolakoa izan zen atxiloketa?

Ostiraleko manifestazioaren testuinguruan beste gazte bat atxilotu zuten. Mobilizazioa amaitzerakoan Foru Plazan geratu ginen taldetxo bat, gazte horren atxiloketari buruzko informazioa bildu eta abokatuekin harremanetan jartzeko kudeaketa lanak egiteko asmoz. Telefono dei batzuk egin genituen, unibertsitateko ikasle batzuekin hitz egin, bere inguruko jendearekin harremanetan jarri… une horretan ezer gutxi genekien bere egoeraz.

Foruen Plazan geundela konturatu ginen geroz eta polizia gehiago ari zirela hurbiltzen ingurura, Ertzaina uniformatuak, baina baita kalez jantzitakoak ere. Geroz eta manifestari gutxiago geratzen ziren gainera, eta Ertzaintzaren presentzia agerikoagoa egiten zuen horrek. Une horretan erabaki genuen telefono deiekin beste leku batean jarraitzea. Plazatik atera eta polizia gehiagorekin egin genuen topo. Nire bila zeudela sumatu nuen. Alde egiten saiatu nintzen, baina kalez jantzitako poliziak nire gainean azaldu ziren, lurrera bota ninduten eta atxilotu egin ninduten.

Ostikada bat eman zidaten buruan, belaunak ipini zizkidan beste batek aurpegian, eta hirugarren bat izan nuen gainean jarrita. Bideoan ikusi dut gerora askoz gehiago nituela gainean, momentuan ez nintzen guztiaz ohartu.

Nolakoa izan zen Ertzaintzaren jarrera?

Urduri zeudela igarri nuen. Nire motxila kentzen saiatu ziren baina ez zutenez lortu, zintak moztu behar izan zizkioten. Eskuburdinak oso estu lotu zizkidaten. Gelditzeko eskatu nien, min izugarria egin zidaten-eta; baina are gogorrago lotu zizkidaten. Ospitalera eraman ninduten zuzenean. Nik uste ohartu zirela bortizki jokatu zutela.

Ospitalean erizain batek eta mediku batek artatu ninduten, beti ere Ertzaintzaren presentziarekin. Atxiloketa nolakoa izan zen galdetu zidaten. Esan nien eskuburdinena kenduta ez nuela minik. Erantzun zidaten polizia-etxean gaizki sentitzen baldin banintzen berriz ospitalera bueltatzeko eskatzeko.

Lakuako polizia-etxera eraman ninduten orduan. Iritsi bezain laster guztiz biluztu ninduten, nik hori egingo ez nuela esan arren. Umiliatzeko edo beldurtzeko asmoz egingo zutela pentsatzen dut, kolpeak eta irainak baliatzen dituzten modu berean.

Sokarik gabeko arropak eman zizkidaten eta ziega batean sartu ninduten. Bota zidaten atxiloketaren zergatia eta nire eskubideak irakurri zizkidaten. Abokaturik nuen galdetu zidaten. Baietz erantzun nien, eta Ertzaintzak honen telefonoa exijitu zidan. Nik telefonorik ez nekiela baina abokatua banuela esan nien berriz. Abokatuaren izen-abizenak esan nizkien baina ez zuten hori onartu. Telefonorik eman ezean ofiziozko abokatu bat jarriko zidatela esan zidaten, eta hala izan zen.

"Abokaturik nuen galdetu zidaten. Baietz erantzun nien, eta Ertzaintzak honen telefonoa exijitu zidan. Telefonorik ezean ofiziozko abokatu bat jarriko zidatela esan zidaten, eta hala izan zen"

Ofiziozko abokatua iritsi zen orduan.

Bai, berarekin bakarrik biltzeko aukera eman zidaten. Esan zidan hurrengo goizean epailearen aurrean deklaratuko nuela ziurrenik. Erantzun nion litekeena zela nire konfiantzazko abokatua egotea epaitegian, gau hartan harekin harremanetan jartzen utzi ez zidaten arren. Ofiziozko abokatuak, orduan, gau horretako nondik norakoak behatzera mugatuko zela erantzun zidan.

Ni izan nintzen lehena abokatuarekin biltzen, gero elkartu zen ofiziozko abokatu bera atxilotutako beste gaztearekin. Eskatu nion atxilotutako beste gazteari lasaitasuna transmititzeko. Imajinatzen nuen urduri egon zitekeela. Bakarrik zegoen atxilotu zuten unean, eta pentsatuko zuen inork ez zekiela bertan zegoenik.

Abokatuarekin egon ostean berriz biluztu ninduten. Ziegara eraman eta nire fitxa bete ostean askatu egin ninduten, nik bertan gau osoa pasako nuela pentsatu arren.

Senide eta lagunak zenituzten Lakuako polizia-etxearen aurrean zain. Hauen aurka ere egin zuen Ertzaintzak, ezta?

Bi atxilotuetatik ni izan nintzen ateratzen azkena. Senide, lagun eta kideak agurtu nituen. Orduan ikusi nuen lehedabiziko aldiz atxilotutako beste gaztea. Alde egitear geundela, Ertzaintzaren furgoi batzuk azaldu ziren. Bertan zeuden guztiak identifikatuko zituztela esan ziguten, ustez polizia-etxera sartzen aritu ziren kotxeak grabatzea egotzita. Inor ez zen ibili autoak grabatzen, baina ertzainek erakutsi beharra zuten euren gainetik inor ez dagoela.

Zer da leporatzen dizutena?

Desordena publikoak eta agintarien kontrako erasoa leporatzen dizkidate. Epaile baten aurrean deklaratzera deituko naute aurki, Ertzaintzak salatutakoarekin zer ikusirik dudan ikusteko. Orduan jakingo dugu zein norabide hartuko duen kasuak.

Biharamunean atxiloketa salatzeko protestak egin ziren Amurrion, Gasteizen eta Lemoan. Protesta horietan 1976ko biolentzia polizialarekin lotu zen 2023ko egoera hau.

Ertzaintzak nahiko argi utzi nahi izan zuen martxoaren 3ko operazioarekin polizia indarrek jarraitzen dutela inpunitate osoz euren boterea baliatzen, inolako ondoriorik gabe. Uste dut Ertzaintza oso urduri jartzen dela Martxoaren 3an; seinalatuak sentitzen direlako, badakitelako, 1976an bezala, eurak ere biolentzia polizialaren gaineko ardura badutela, eta hala baliatzen dutela beste kasu askotan. Biolentzia hori baliatu zuten Gazte Blokea jazartzeko edota langileon arteko elkartasunaren aurka egiteko.

Poliziaren presentzia gehiegizkoa zela uste duzu?

Ertzaintzaren furgoi asko zeuden, Brigada Mugikorreko polizia asko, baita kalez jantzitako polizia asko ere. Ez dugu ahaztu behar 1976ko sarraskia gogoratzeko manifestazioa zela hura. Duela 47 urte poliziak bost langile erail zituen Gasteizen eta beste bi gertakariak salatzeko Tarragonan eta Basaurin egindako mobilizazioetan. Poliziaren presentzia probokazio hutsa da, konfrontazio hori nahita bilatu zuten.

Ondoriorik atera duzu atxiloketatik eta martxoaren 3ko gertakarietatik?

Argi erakutsi dugu herri honetan borrokarako grina dugula oraindik. Bide horretan batasuna eta elkartasuna dira ditugun tresnarik indartsuenak. Argi geratu da ere indarkeria polizialetik zein indarkeria instituzionaletatik babestu behar garela, eta bereziki sektore zaurgarrienok elkar babestea funtsezkoa izango dela.

Nahi beste egin dezakete langileon arteko elkartasuna eteteko, baina Martxoaren 3ko manifestazioa adibide on bat da; 47 urteren ostean langile klaseak batuta jarraitzen du. Orduan bezala, herri honen alde lanean jarraitzen dugu eta aurrerantzean ere ez dugu etsiko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide