Amurrioko alkategaia aurkeztu du gaur Podemos, Ezker Anitza eta Alianza Verde alderdiak batzen dituen Elkarrekin Podemos koalizioak. Leticia Jimenez izango da maiatzaren 28ko hauteskundeetarako hautagai nagusia, Amurrioko alkatetza eskuratzeko lehian.
Guk eskulturaren aurrean egin dute aurkezpena, eta Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaia den David Rodriguezen babesa jaso du Jimenezek.
Izan ere, Amurrioko alkategaia, Batzar Nagusietarako zerrendaburu ere bada, Aiaraldeko barrutitik.
Arazoei aurre egiteko konpromisoa
Kazetaritzan lizentziaduna eta Administrazioko Finantzetako goi-mailako teknikaria da Leticia Jimenez. Azaldu dutenez, Podemos alderdiko kide da alderdiaren sorreratik bertatik. “Leticiak garrantzi handia du gure hautagaitzarentzat, gure koalizioaren balioak oso ondo ordezkatzen dituelako: justizia sozialaren, eskubide sozialen eta lan-eskubideen aldeko borroka, ingurumenaren aldetik iraunkorrak diren udalerriak eta lurraldeak lortzea”, nabarmendu du David Rodriguezek.
Jimenezek adierazi du bertako bizilagunek behar dutena zer den "argi duela". Aiaraldeak eta Amurriok aurre egin beharreko hainbat "arazo larri" zerrendatu ditu, eta hauei heltzeko konpromisoa agertu du: Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, garraio publikoaren eskasia, tokiko kontsumo falta eta Laudioko eta Amurrioko anbulatorioen egoera.
Egoera horri erantzuteko Foru Gobernuak egindako kudeaketa ez da nahikoa Jimenezen hitzetan: “Duela hilabete batzuk EAJk eta haren gobernukide PSEk PPren eta EH Bilduren konplizitatearekin onartutako berehalako jarduera-planak ez digu balio, berehala gutxi dela ikusten baitugu. Ez dugu titularrik behar, gertaerak behar ditugu”.