'Periferiak erdigunera' jaialdia antolatu du Amurrioko Gazte Asanbladak datorren martxoaren 24rako -ostirala-. Euskal Herriko periferiako artista ezagunak elkartuko dituzte Amurrioko Gaztetxeko oholtzan: Ødei, Ziztada & Rlantz eta Raperu eta Uki.
Odei Barroso rapero eta bertsolari lapurtarrak jarriko dio izen propioa jaialdiari. Urte luzez 2zio taldean aritu eta hiru disko kaleratu ostean, bakarkako bideari ekin dio Barrosok. Ødei ezizenarekin ari da orain, eta Terapia lan berria aurkezten egongo da Amurrion, Jo Olascuaga ekoizlearekin batera.
Ziztada & Rlantz bikotea izango dira Aiaraldeko ordezkariak martxoaren 24an. Erlantz Serrano amurrioarrak eta Irune Elgezabal bilbotarrak osatutako bikoteak ibilbide luzea egin dute oholtzaz oholtza. 2021ean kaleratu zuten euren azken lana: KSMS, bost abestiz osatutako EPa.
Azkenik, Raperuk eta Ukik rap doinuak ekarriko dituzte Bilbo ingurutik.
Sarrerak salgai
Honezkero salgai daude jaialdiaz gozatzeko sarrerak. Lau euroren truke eskuratu daitezke hauek Amurrioko Txokogorri eta Biderdi tabernetan.