Egitasmo berri bat plazaratzear dago Amurrioko Nagusien Kontseilua: Nagusientzako jantoki soziala. Egitasmoak hainbat urte eman ditu labean egosten, Kontseiluaren sorreran baitu jatorria, Felipe Zilonizaurrekoetxea Cimarrok gogorarazi duenez. “Duela 4 urte, kontseilu moduan lan egiten hasi ginenean, Udalak eginiko inkesta batzuk ikusi genituen, 65 urtetik gorako herritarrei eginikoak”.
Galdetegi horien emaitzek “harridura” sortu zuten kontseiluko kideen artean, ikusi zutelako uste zutena baino jende edadetu gehiago bizi dela bakardade egoeran eta elikadura maila desegokiekin. “Horietako asko emakume alargunak ziren, bizitza osoa euren familia zaintzen eman ostean, egun batetik bestera bakarrik geratu zirenak, inolako babes sozialik gabe”.
Orduan bururatu zitzaien jantoki sozialaren ideia, bi helburu asetzeko: “Isolamendu egoeran dauden nagusiek harreman sozial politez eta otordu osasuntsu batez gozatu ahal izatea”.
Martxoaren 26ra arte egongo da proba pilotuan izena emateko aukera. Parte hartzea doakoa izango da lehen fase horretan
Proba pilotua, hastear
Baina egitasmoa ez zen berehalakoan garatu. Amurrioko Udalaren barruko erakundea da kontseilua, pertsona boluntarioek kudeatzen duten arren, eta instituzioen erritmoak ez dira nahi bezain azkarrak, Patri Aldama Arbaiza kontseiluko kideak aitortu duenez.
Baina iritsi da unea. Udalak aurrekontu partida gorde du ekimena aurten garatzeko, eta apirilean jarriko dute martxan proba pilotua, ekainera arte luzatuko dena. Nagusien Etxeko areto nagusian atonduko dute jangela, catering enpresa bat kontratatuta, espazioak ez duelako sukalde industrialik. “Bi dieta egongo dira: ohikoa eta berezia, diabetesa edo antzeko gaitzak dituzten pertsonentzat”, aurreratu du Zilonizaurrekoetxeak.
30 pertsonentzako espazioa egongo da orotara. Jende gehiago aurkeztuko balitz, errenta baxuena dutenek izango lukete lehentasuna, eta bestela zozketa egingo litzateke izena eman duten pertsona guztien artean.
Astelehenetik ostiralera zerbitzatuko dituzte otorduak, 13:30etik 15:00etara. Martxoaren 27ra arte egongo da izena emateko epea. Amurrioko Udalera deitu (945 891 161) edo idatzi (partehartzea@amurrio.eus) daiteke informazio gehiago eskuratzeko.
Irailean martxan
Proba pilotuaren bidez, proiektuaren harrera neurtu nahi dute kontseiluko kideek, irailetik aurrera behin betikoa martxan jartzeko. Zerbitzu hori ez da doakoa izango, baina “prezio publikoak” ezarriko dira, Zilonizaurrekoetxearen esanetan: “Prezio publiko batzuk zehaztuko dira cateringaren eta zerbitzuaren kostuak finantzatzeko, baina hobariak ezarriko zaizkie errenta baxuagoa duten pertsonei. Modu horretan, batzuk bazkaria %90ean izango dute finantzatuta, beste batzuk gutxiago eta beste batzuk prezio publiko osoa ordainduko genuke”.
Horrez gain, etxez etxeko banaketa egitea ere aurreikusi dute, jangelara bertaratu ezin duten pertsonentzat. “Hori datorren urtetik aurrera hasiko gara egiten, seguraski”, aurreratu du Aldamak.
Etorkizunean, jantokia Landazuri etxera mugitu ahal izatea espero dute kontseiluko kideek, bertara mugitu baitira eguneko zentroa eta etxebizitza komunitarioa, eraikina atontzen denean. Amurrioko Udalak iaz onartu zuen Landazurin eguneko zentroa atontzeko proiektua, 1,6 milioi euroko aurrekontuarekin.
Jantokiak prezio publikoak izango ditu, eta errentaren araberako hobariak ezartzeko asmoa dute datorren urtetik aurrera
Nagusilanen lana
Amurrioko Nagusien Kontseiluko kideek ez dute burua soilik jantoki sozialean. Beste hainbat egitasmo ere dituzte esku artean. Hitzaldiak, tailerrak, aldizkari hiruhilabetekariaren argitaratzea, zineforumak, osasun zentroko langileekin topaketak… makina bat jarduera burutu dituzte azken urteetan.
Baina Aldamak eta Zilonizaurrekoetxeak argi dute zein den ekimenik arrakastasuena: hilabetero antolatzen dituzten egun bateko irteerak. “Txango zoragarriak dira, Euskal Herriko zein inguruko txoko ezezagunak ezagutzeko balio dutenak. Ez dugu eskari guztia asetzeko aukerarik”, nabarmendu du Zilonizaurrekoetxeak.
Hala ere, arrakasta itzela duten arren, ibilaldiak ez dira ekimen garrantzitsuenak, Aldamaren ustetan: “Txangoetara goazen nagusiak aukera gehien ditugunak gara: ez gara bakardadean bizi, ibiltzeko gaitasuna daukagu…”. Horregatik, azken urteetan “beste nagusietan” jarri dute begirada, bakardadean bizi diren edo eguna egoitzetan sartuta igarotzen duten horietan, hain zuzen.
Pertsona horien beharrak asetzeko sortu zuten Nagusilan elkartea, COVID-19aren pandemiaren erdian. “Kontseiluko ia kide guztiak batu gara bertan, Elizako Pastoraleko hainbat emakumerekin batera, 20-25 pertsona inguru gaude orotara”, azaldu du Zilonizaurrekoetxeak. Helburu nagusi bat dute: pertsonen bakardadeari aurre egitea. “Paseoak egiten ditugu erresidentziako jendearekin, edo kalera ateratzen ditugu kafe bat hartzera. Gainera, pintxo potea eta bingoa egiten ditugu asteazkenero erresidentzian”.
Azken urteetan ekimen ugari abiatu dituzte Nagusien Kontseiluko kideek, udalerriko pertsona edadetuen behar eta arazoei erantzuteko asmoz
Modu horretan, “ekarpen txikia” egin nahi dute, “bakardadearen arazo sozial handia bistaratzeko”. Telefono bidezko arreta ere eskaintzen dute, eta eskualde osoko zein eskualdetik kanpoko herritarren deiak jasotzen dituzte.
Lan handia egin du Nagusilanek alor horretan, eta bere jarduna aitortua izan da dagoeneko, iaz Urrezko Guk Saria jaso baitzuten elkarteko kideek. Gainera, eskualdeko beste toki batzuetara ere zabaldu da egitasmoa. Laudion 5 laguneko taldea eratu da, eta aurki hasiko dira San Rokeko egoitzako langile eta erabiltzaileekin lanean.