Kultur sorkuntza Aiaraldean

Saria eskuratu du Karla Velarde amurrioarrak Laztana Laztana bakarlariarekin Durangoko Abesti Feministen V. Lehiaketan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 30a, 07:00

Sandra Vargas bakarlariak sortu du Laztana Laztana proiektua, baina Karla Velarde Castro bibolin jole amurrioarra du bidelagun. Berarekin hitz egin dugu sariari eta esku artean dituzten beste proiektuei buruz. 

Saria eskuratu du Laztana Laztana taldeak Durangoko Abesti Feministen V. Lehiaketan. Sandra Vargas bakarlari barakaldoarrak sortu du proiektua, baina beste bi musikari ditu bidelagun: Jorge Larracoechea mexikarra eta Karla Velarde Castro amurrioarra.

Bibolina jotzen du Velardek, eta unibertsitatean egin zen Vargasen lagun. “Biek ikasi dugu musika klasikoa eta ikusi genuen nahiko feeling musikal handia genuela eta ondo ulertzen ginela zentzu horretan”, azaldu du Aiaraldeko musikariak, “une horretan Sandrak bazuen beste proiektu informalago bat, baina gero serioago hartzen hasi zen”. Orduan egin zuen salto bakarlariak hirukote formatura, Laztana Laztana izen artistikoarekin. Iragan udan eman zuten lehen urrats sendoa: estudioan sartu ziren hainbat abesti grabatzera, eta iragan otsailean argitaratu zuten lehena, Sua izenekoa. 

Abesti berriak eta kontzertuak

Datozen hilabeteetan plazaratuko dituzte jada grabatuak dituzten beste kantak, EPa osatzeko. Vargasen hitzetan, abestiak nahiko ezberdinak dira euren artean, eta elektronika eta fusioa dituzte ardatz. Hala ere, kanta guztiek “osotasun bati” erantzuten diotela nabarmendu du. “Gure oinarri klasikoetatik abiatu gara gauza berri bat sortzeko. Nire ustez, ez dago horrelakorik oraingo panorama femenino eta euskaldunean”. Ildo horretan, gazte amurrioarrak nabarmendu du proiektua euskaraz izango dela eta, ondorioz, “euskara sustatzeko bide bat” izan daitekeela. 

Solasaldi musikatua apirilaren 14an Faktorian

Laztana Laztana proiektua gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du Aiaraldea Komunikabideak datorren apirilaren 14an, ostirala, Faktorian. Solasaldi musikatua egingo du hiru taldekideekin 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.  

Argazkia: Julen de la Serna

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide