Amurrioko Zabaleko Eskolan 2 urteko gelarako 11 matrikula egon dira, bertako Guraso Elkarteak adierazi duenez. "Martxoaren 28an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Zabalekoko eskola publikoan matrikulatu nahi zuen familietako bati Amurrioko beste zentro kontzertatu batean matrikulazio esleipena eman zion". Eusko Jaurlaritzak "zaurgarritasun etiketa" jarri dio familia horri, "eta gainera, kasu honetan ez dator errealitatearekin bat", salatu dute.
Hori dela eta, Zabalekoko Guraso Elkarteak azpimarratu du familia horrek Zabalekon nahi zuela matrikulatzea, eta erreklamazioa jarri dute. "Matrikula onartzekotan, ratioagatik 2 gela edo talde eratu beharko liratezke, 2 urteko 11 ikaslerekin bi urteko gela, eta 8 ikaslerekin 3 urteko gela. "Matrikula hau gabe ume guzti horiek talde bakarrean egon beharko lirateke". Erantsi dutenez, Zabalekok nahikoa baliabide edo plaza ditu behar horri erantzuteko.
Era berean, Guraso Elkarteak zalantzan jarri ditu zaurgarritasuna aipatzeko erabilitako tresna edo galdetegiaren oinarri tekniko eta zientifikoak, "Eusko Jaurlaritzak ez baitu azalpenik eman horrekiko". Horregatik uste dute zaurgarritasun horrek argitasunetik eta objektibotasunetik gutxi duela. "Eusko Jaurlaritzak eskola publikoagatik egin beharko luke apustu, eta ez bakarkortasunez beste eskola kontzertatu bat onuradun bihurtu".
Horrez gain, guzti horrek familien hautatze eskubidea urratu duela pentsatzen dute, eta "ikasleak merkantzia gisa ezin direla erabili". Haatik, azalpenak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, erabilitako irizpideak zehazteko: "Erreminta honek ez ditu benetan laguntzen kolektibo zaurgarriak, familiak estigmatizatzen ditu, eta segregazioa indartzen du". Bigarrenik, familien nahia errespetatzeko eskatu diete: "horrek Zabalekon gela baten irekiera suposatuko luke".