Bigarren diru-laguntza deialdia onartu du Amurrioko Udalak, herriko gazteek alokairu soziala izan dezaten. Herriko etxebizitzen politikan sakontze aldera, alokairu erregimena sustatzeko ekimena onartu du osoko bilkurak. David Romero PSE-EEko zinegotziaren hitzetan, funtsezkoa da gazteen autonomia bultzatzea eta baldintza eskuragarrietan erraztea etxebizitzarako sarbidea. Aitortu duenez, bigarrenez lortu dute gazteak diruz laguntzeko partida aurrera eramatea, PSE-EEk eta Orain Amurriok 2022ko aurrekontuan egin zuten proposamenari esker.
Hala, 18-35 urte bitarteko amurrioarrek izango dute ekarpen ekonomikoa jasotzeko aukera. Horretarako, 2022an 30.000 euroko partida egon zen, eta 2023an 35.000 eurokoa izango da, "PSE-EEk aurrekontuen negoziaketan hala eskatu ostean". Diru-laguntza horretarako oinarriak Arabako Lurralde Buletinean argitaratuko dira, helegiteak aurkezteko epea pasata.