Maied Urrutia Parraren irudia darama hilabete honetan Zumalakarregi etorbideko Kulturlab ekimenaren muralak. Hilero aldatzen dute lana, eta oraingoan sortzaile amurrioarraren irudi eta sormenez jantzi dute kale nagusia. "Ez dut inoiz halakorik jarri eta itzela da norbere lana hain tamaina handian eta kalean ikustea, oso esperientzia polita iruditu zait", aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari.
"Ez dut inoiz halakorik jarri eta itzela da norbere lana hain tamaina handian eta kalean ikustea, oso esperientzia polita iruditu zait"
Ni 30 aldiz proiektuaren lagina da, bere hitzetan, murala: "25-35 urte bitarteko trantsizioak niretzat zer esan nahi zuen adierazteko saiakera da. Nolabait ere, heldu bihurtzen hasten garen eta azkenean gazte izateari uzten diogun garaia". Irudi bidez, gogoetatik eta bizipenetik osatu du errelatoa: "Gizarte-konbentzionalismoetan sinesten ez duen batek egokitu zaion gizarte-sistemarekin komunioan sentitzen ez denean, horrek sortzen dizkion emozio eta sentimenduei nola egiten dien aurre. Denborarekin, proiektu hau nortasunaren manifestu bihurtu da, askatasunaren bilaketa, naturalarekiko lotura eta sortutako familiarekiko harremana ardatz nagusi izanda".
Egun, argazkigintza proiektuetan dabil murgilduta Urrutia Parra. Hain zuzen, 'Fantasia' izena jarri dio eskuartean duen egitasmoari, "zeinean biluzi eta espazio naturalen arteko dialogoa sortzen saiatzen naizen, koloredun flasharekin eta beste teknikekin jolastuz sortu daiteken estetika edota atmosferaren bitartez ikusleak fantasia munduetan sartu nahian". Kreatibitate lanetatik harago, ordea, argazkilaritza irakasle jarraitzeko asmoa du.
Hilabetez egongo da Maied Urrutia Parraren sorkuntza ikusgai Laudioko herrigunean. Tarte horretan, "argazkiekin konektatzea" gustatuko litzaioke, "Muralaren bitartez, alde batetik, ni argazkilari bezala azaltzea eta nire lana ezagutaraztea, eta bestalde, ni bezala sentitzen diren edo nonoiz sentitu ohi diren haiekin proiektu honetan kontatzen dudanarekin nolabait identifikaturik sentitzea".