Aste Santuko Futbol Kanpusa antolatu dute aurten, urteetako hutsunearen ostean, Amurrioko Etorkizuna eta Kaskagorri Futbol Taldeek elkarlanean. Lehen udan soilik antolatzen zen kanpusa. Iaz Aste Santuko oporretan ere antolatu zuten, baina orduko hartan enpresa pribatu batek kudeatu zuen, udalerriko futbol taldeen ordez.
Pazko asteko lau egunetan antolatu dute kanpusa, Amurrioko Refor kirol-gunean. “Futboleko kanpusa deitu diogu baina, ez genuen futbolera mugatu nahi bakarrik” azaldu du Aitor Llanok Etorkizuna Futbol taldeko koordinatzaileak. “Bi zatitan banatu dugu eguna: hamaiketakoaren aurretik futbol ariketa desberdinak egin izan ditugu, eta horren ostean bestelako ekintza ludikoak egin ditugu”.
Oso positiboki baloratu dute talde antolatzaileek kanpusak izandako harrera eta ohiartzuna. “Jasotako erantzuna esperotakoa baino handiagoa izan da; 70 neska-mutilek eman dute izena, 2017 eta 2010 urteen artean jaiotakoak”. Amurriokoak ez ezik, Luiaondo eta inguruko beste herrietatik ere bertaratu dira haurrak.
“Futbolaren bitartez hainbat balio transmititu nahi geituen: kiroltasunez jokatzea, disfrutatzea, taldean aritzeko jarrera egokia izatea… eta lortu egin dugula esan dezakegu”. Horrez gain, emakumezkoen futbola ere jarri nahi izan dute kanpusaren erdigunean: “Neska ugari apuntatu dira, eta begirale lanetan ere neska asko ibili dira”.
Bisita bereziak
Ekintza desberdinen artean bisita berezi bat edo beste jasotzeko parada ere izan dute kanpusean parte hartu duten haurrek. Aingeru Olabarrietaren bisita jaso zuten aurrena. Olabarrietak Athleticeko gazteen ohorezko mailan jokatzen du eta Espaniako Selekzioarekin ere aritu da. “hezkuntza eta ikastearen garrantzia transmititu zien Olabarrietak. Norbera nondik datorren gogoratzeak duen inportantziaz ere mintzatu zitzaien haurrei” azaldu du Aitor Llanok.
Leire Egia izan da kanpusean jaso duten beste luxuzko gonbidatu bat. Egia Athleticeko emakumezkoen taldean ari da goi-mailan jokatzen. Llanoren hitzetan “neska kirolariak aurrera egiteko bultzada eta animoak transmititu zituen Leire Egiak”.
Aurrera jarraitzeko gogoa
Kanpusak izandako harrera ikusita udan errepikatzeko gogoz dira Etorkizuna eta Kaskagorri taldeetako kideak; “etorkizunari begira oso garrantzitsua ikusten dugu herrian horrelako ekimenak sustatzea”.
Etorkizuneko erronkekin jarraituz emakumezkoen futbola sustatzeko beharra azpimarratu du Aitor Llanok, “badakigu neska gazte asko daudela futbola praktikatzeko interesatuta, eta guk euren beharrei erantzun eta egokitu beharra daukagu”.
Argazkiak: Chris GDPhoto