ERREPORTAJEA

Burubio Elkartea: zuzeneko musikaren arnasgune

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko api. 18a, 15:59

Ibarlu, Egotxo, Isma eta Sagu Burubio Elkarteko kideak. / Aiaraldea,eus

Zazpi urte beteko ditu Amurrioko Burubio Elkarteak, eta orain arteko ibilbidea ospatzeko, zueneko kontzertuak antolatu ditu ostiralerako: Mocker’s, Moonshine Wagon eta The Pushermen. Burubio berrogei musika talde baino gehiagoren aterpe izan da zazpi urte hauetan, eta bertako kideek zuzeneko musikaren garrantzia azpimarratu dute.

Zazpigarren urteurrena ospatuko du Amurrioko Burubio Elkarteak ostiralean -apirilak 21-, eta, horretarako, zuzeneko kontzertuak antolatu dituzte: Mocker's, Moonshine Wagon eta The Pushermen egongo dira oholtza astintzen. “Rock talde bat, Blue Grass talde bat eta bertsioak egiten dituen beste talde bat ekarriko ditugu urteurrenera, urte guzti hauetan izandako musika aniztasuna egun bakar batean eszenatoki gainetik ere islatzeko”.

Pandemiak eta neurri murriztaileak tarteko, 2019an antolatutako hirugarren urteurrena izan da Amurrioko aretoan ospatu duten azken efemeridea. “Pandemiaren eraginez ez genuen bosgarren eta seigarren urteurrena ospatu. Iaz otsailean kendu zituzten neurri muriztaileak baina ezjakintasuna zen nagusi eta seigarrena ez ospatzea erabaki genuen”.

Zazpi urte eta aurrera

Entsegu-lokal batzuk bizirik mantentzeko beharretik sortu zen 2016an Burubio Elkartea. “Lokalak mantentzeko pabilioia osorik alokatzeko aukera eskaini ziguten. Lokalak ekonomiko mantendu ahal izateko, zerbait zabalagoa sortzea erabaki genuen, areto bat, alegia. Hortik abiatuta, musika-ikastaroak, zuzeneko kontzertuak edota grabaketa estudio zerbitzuak eskaintzen hasi ginen, bideragarritasun ekonomikoari eusteko”, azaldu du Saguk.

Entsegu-lokaletatik berrogei talde baino gehiago igaro dira azken zazpi urte hauetan. Ibilbide luzeagoarekin batzuk, eta motzagoarekin besteak; jendaurrean kontzertuak eskaini dituztenak, edota lokal barruan jotzera mugatu direnak. “Musika sorkuntza handia egon da urte hauetan guztietan Burubio barruan”, azpimarratu du Egotxok. “Badira ere bere insturmentua modu indibidualean jotzera etortzen diren pertsonak”, gaineratu du Saguk.

Batzuk zerrendatzearren; Izate Faltsua, Nakkiga, 4Bancos, Gwaya Reggae edota Perdido ente ilusiones dira Burubioko adreiluen artean musika sortu duten taldeetako batzuk.

“Musika sorkuntza handia egon da urte hauetan guztietan Burubio barruan”

Aiaraldetik kanpoko musika talde askok eta askok ere Burubiora jo dute entseatu edo zuzenean jotzeko asmoz, horien artean ezagunenak Mungiako Pi L.T. taldea eta duela hilabete gutxi azken bira prestatzen Burubion aritu zen Zea Mays. Erromeria askok ere Burubion prestatzen dituzte gerora plazaz plaza eskaintzen dituzten zuzenekoak. “Gertuko harremana eskaintzen diegu talde horiei guztiei, eta etxean bezala sentitzen dira emen. Lokalean bezala egotea da eurentzat baina eszenatoki handi batetik probatu dezakete zuzenekoen errepertorioa, argiak…”, azaldu dute Burubioko kideek.

Bazkideak dira Burbio Elkartearen oinarri nagusietako bat. “Gaur egun 70 bat bazkide ditugu eta euren ekarpen handiena ekonomikoa da, proiektuaren biziraupena bermatu ahal izateko. Elkartearekiko ekarpen horren truk bazkideek deskontuak dituzte urteko kontzertu guztietan”.

Publikoaren beharra

Euskal Herriko musika talde askoren erreferente bilakatu da Burubio azken zazpi urteetan egindako ibilbide oparoari esker. “Eskaintza erakargarria da Burubiokoa musika talde askorentzat. Elkarte batek kudeatzen du aretoa, eta horrek gastuak asko murrizten ditu: boluntarioak gara guztiak, ez da alokairurik ordaintzen… Baina teknikoki azpiegitura profesionala da”, laburbildu du Ismak.

Halaber, gainerako aretoek bezala, publikoaren gabezia nabari dute Amurrion ere. “Zuzeneko musikaren eskaintza oso handia da, baina publiko falta dago, aretoak ez dira betetzen. Joera orokortua da areto guztietan publikoa jaisten ari dela”, azpimarratu du Saguk. Argi dute, ordea, arrazoia ez dela programatutako musika estiloengatik: “Ohitura falta dago zuzenekoetaz gozatzeko, kontsumo ereduak asko aldatu dira, eta plataforma digitalak dira orain nagusi”. Belaunaldi gazteen ausentzia sumatzen dute: “Kontzertuetara betiko jendea joaten gara, baina geroz eta eskaintza zabalagoa da, eta ez dago eskaintza hori beteko duenik”.

“Zuzeneko musikaren eskaintza oso handia da, baina publiko falta dago, aretoak ez dira betetzen”

Zuzeneko musikaren aldeko apustuan berresten dira Burubioko kideak. “Zuzeneko musikak jotzen ari denaren eta entzuten ari denaren arteko lotura zuzena da, beste ezerk ez ez dizu lotura hori transmititzen”. Pandemian ikusitakoaren ostean, gainera, are gehiago egin dute aurrez aurre komunikatzeko beharraren alde.

Aurrera begira, ostiral honetako kontzertuetaz haratago, maiatzean post-rock kontzertuak antolatu dituzte; RO eta Le Temps Du Loup arituko dira aretoko oholtza astintzen. Udatik bueltan ere, programazio indartsua iragarri dute. Herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete: “zuzeneko musikak eta kulturak publikoaren beharra du”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide