Erik Ramos epaileak igandeko Ohorezko mailako futbol partida bertan behera uztea erabaki zuen Basarten, nahiz eta minutu eskasa geratzen zen amaitzeko. Erabaki hori hartzera behartua ikusi zuen Ramosek bere burua, Aguraingo futbol klubeko zenbait jokalarik Amurrio Klubeko hainbat kide erasotu ostean.
Guztira, bisitarien hiru kidek jaso zuten txartel gorria eta baita Amurrioko batek ere, baina txartel hori bikoitzagatik. Esan bezala, 95. minutuan hasi zen dena. Une horretan Hamza Achlouchek ukabilkada eman zion Jon Ander Saez amurrioarrari eta baita odola eragin ere. Saez zelaitik altxatu zen -lurrean baitzegoen falta baten ondorioz- eta bere erasotzailea bultzatu zuen.
Achlouchek txartel gorria ikusi zuen eta Saezek bigarren horia eta biak izan ziren kaleratuak, baina orduan hasi zen Aguraingo eta Amurrioko jokalarien arteko istilu jendetsua. Amurrioko zuzendaritzaren aburuz, tokiko jokalariak saiatu ziren borroka gelditzen, baina beste bi eraso gertatu ziren.
Alde batetik, A. Villambrosa aguraindarrak 20 metroko lasterketaren indarra baliatu eta ostiko hegalaria eman zion Mikel Elejalde urduñarrari, bi hankekin. Elejaldek zauriak ditu saihetsetan kolpearen ondorioz.
Horrez gain, M. Villambrosak, aurreko erasotzailearen anaiak, ukabilkada jo zion beste arerio bati, epaileak identifikatu ez zuena. Bi anaiak kaleratuak izan ziren.
Orduan, tentsioaren eta kontrol faltaren eraginez, eta jokalarien osotasun fisikoa bermatzeko, Erik Ramosek bertan behera utzi zuen norgehiagoka, markagailua 0-0 zegoela.