Aurreko urteetan bezala, aurten ere Amurrioko Gazte Asanbladak ez dio hutsik egin San Jose auzoko jaietako egitaraua osatzeari. Asanbladak kontzertuak eta festa antolatu ditu apirilaren 29 eta 30erako. Bi egunetan egitarau oparoa prestatu dute, tokiko sortzaileekin ia osotasunean.
Apirilaren 29an, ostirala, rap eta reggae doinuak izango dira protagonista nagusiak. 22:00etan irekiko dituzte Gaztetxeko ateak eta Streetligth Studioko kide diren Loza, Mrt eta Kortazar raperoek piztuko dute gaueko giroa. Dardara Soinu Sistemako kideek eta Desi eta Presi musika jartzaileek luzatuko dute dantzaldia.
Biharamunean ere, apirilaren 30ean, ordutegi berdina izango du Gaztetxeko jaialdiak, baina punk eta rock doinuek izango dute protagonismoa. Iluntzeko 22:00etan Erasoz Erantzun taldea arituko da oholtza astintzen, eta euren estudioko lan berriko kantak aurkezten. Belgorri talde gazteak hartuko du lekukoa gero, Amurrioko bandaren jendaurreko lehenengo kontzertuan, eta jarraian Zapizar Erromeria igoko da eszenatokira. Gaua goizaldeko ordu txikiak arte luzatzeko ardura, ordea, DJ Anton xtyx musika jartzailearen 'tekno gauak' izango du.