LAZTANA LAZTANA

“Emozio handiz daukagu gordeta grabatutako lanaren sekretua”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko api. 23a, 08:00

SANDRA VARGAS Laztana Laztana proiektuaren sustatzailea da, KARLA VELARDE eta JORGE LARRAKOETXEA musikarien laguntzarekin. Laster plazaratuko dute lehenengo estudioko lanaz mintzatu dira.

Nondik abaitzen da Laztana Laztana proiektua?

Sandra Vargas: Ni bakarlari bezala aritzen nintzen lehen, Sandra Cris izen artistikoarekin. Aurten eman dut proiektu berrira jauzia, Laztana Laztanarekin. Izan ere, zerbait osatuagoa egin nahi nuen. Orain ere bakarlari bezala aritzen naiz, baina nirekin dauden musikariak oso garrantzitsuak dira, nire abestietan laguntzeaz gain, lagun onak ere badirelako.

Zu zara bidelagun horietako bat Karla. Nola batu zinen proiektura?

Karla Velarde: Nik Sandra unibertsitatean ezagutu nuen, biak gara psikologia ikasleak. Ezagutu bezain pronto ikusi genuen lotura musikal estu bat geneukala, biok modu berdinean ulertzen genuen nolakoa izan beharko lukeen musika heziketa. Berarekin batera biolina jotzeko aukera sortu zitzaidanean segituan esan nuen baietz. 

S.V.: Argitu beharra dago bai Karlak eta baita nik ere kontserbatiorioan ikasi dugula. Heziketa musikal hori jasotzen duzunean, zenbait pentsamendu garatzen dituzu, eta horiek komunean ditugu.

K.V.: Biok ikasi dugu arlo klasikoa, eta hori musika egiteko oso oinarri garrantzitsu eta polita da. Musika ikasketak bukatzerakoan, ordea, zerbait berria egitea adostu dugu, musika klasikoaren ezagutza horietatik abiatuta, baina beste zerbait sortzea helburu.

“Estilo berezia du Sandrak; oso eklektikoa eta leku akotatik hartzen ditu doinuak”

Zer elementuk osatzen dute Laztana Laztana proiektua?

K.V.: Sandrak ahotsa jartzen du, proiektuaren ardatz nagusia da hori. Nik biolina jotzen dut, eta piano ikasketa txiki batzuk egin nituen ere. Jorge da gure azken fitxajea. Berak gitarra jotzen du, eta akustikoan aritzen ez garenean sintetizadoreekin eta beste tramankulu batzuekin aritzen da.

Nola batu zen Jorge proiektura?

S.V.: Karla eta ni folk kanpaleku batera joaten gara urtean behin, eta Jorge bertara doan gure lagun baten bikotekidea da. Mexikarra da jatorriz, eta euskera ikasten ari da uneotan.

K.V.: Broma batetik abiatuta batu zen Jorge taldera. Txantxetan galdetu genion ea gure Dj-a izan nahi zuen. Gero hasi ginen berarekin lan egiten eta ikusi genuen fenomeno bat zela!

Ibilibide laburra du proiektuak, baina bide oparoa egin du honezkero. Durangoko Abesti Feministen V. Jaialdian saria jaso zenuten.

S.V.: Hirugarren aldia izan da Durangoko lehiaketan parte hartzen nuena, Laztana Laztana bezala lehenengoa. Ondo ezagutzen nuen ekitaldia. Oso lehiaketa polita da, emakumeak gara ia gehienak. Musikari berriak ezagutzeko eta abesti originalak entzuteko aukera eskaintzen du.

K.V.: Aurreko urteetan ikusle bezala egon naiz bertan. Oso ekimen polita da, komunitatea sortzeko balio du.  Laztana Laztana bezala aurkeztuta irabazi badugu, nik uste seinale ona dela, bide oparoa dugu aurretik.

“Durangoko Abesti Feministen Lehiaketan beste bi kanta plazaratu genituen, eta horiek ere oso harrera ona izan zuten”

Sua abestia da orain arte kaleratu duzuen bakarra. Zer kontatu ahal duzue abestiaren inguruan?

S.V.: Sua da kaleratutako abesti bakarra bai, plataforma guztietan dago honezkero entzungai. Durangoko Abesti Feministen Lehiaketan beste bi kanta plazaratu genituen, eta horiek ere oso harrera ona izan zuten.

Sua pasioari buruzko kanta bat da. Pasioa egiten duzunarekin, sentitzen duzunarekin… Zure buruarekin nahi duzuna egitea zen transmititu nahi nuen mezua: egin nahi duzuna, pasioarekin eta disfrutatuz.

Zer nolako garrantzia dute hitzek Laztana Laztana proiektuaren kantetan?

S.V.: Galdera ona. Nik uste dut nire hitzek garrantzia handia dutela. Mezu garrantzitsuak transmititu nahi ditut Laztana Laztanaren bidez.

K.V.: Euskarazko proiektua izatea ere bada mezu garrantzitsu horiei beste pisu bat emateko. Hizkuntza gutxitu batean transmititu arren, euskara ulertzen dutenentzat zein ulertzen ez dutenentzat ere, proiektu polita dela uste dut. Estilo berezia du Sandrak; oso eklektikoa  daeta leku desberdinetatik hartzen ditu doinuak. Musikalki ere asko transmititzen du.

Nola sortzen dira Laztana Laztanaren abestiak? Zein da sorkuntza prozesua?

S.V.: Bakarlaria naiz, eta etxean, logelan, zehakzi, dudan estudio txiki batean ekoizten ditut nire abesti propioak. Lehenengo pausoa beti da gitarra hartzea eta akorde batzuk lotzen hastea. Gerora hasten naiz letra mamitzen.

K.V.: Sandra abesti berri batekin etortzen den aldiro, gu liluratuta geratzen gara. Bai Jorgek eta bai nik detaileetan erreparatzen dugu gero, eta saiatzen gara gure aletxoa jartzen. Norberak daki hobekien nola uztartu bere instrumentua, eta nola atera ahalik eta probetxu gehien.

EP baten grabaketa amaitu berri duzue. Zer aurreratu dezakezue?

S.V.: Abestien maketak aurretik nituen prest, baina Sandra Cris atzean utzi eta Laztana Laztana proiektuari bultzada emateko ezinbetsekoa nuen lan profesional bat garatzea. 

Udan grabatu genituen abestiak Gaua estudioan. Egun batzuk eman genituen estudio barruan. Abesti berriak sortzeko aukera ere izan nuen; ez dira EP honetan argitaratuko baina laster plazaratzea espero dut ere. Bost abestik osatuko dute lehenengo EPa, eta orain singleak argitaratzen joango gara.

K.V.: Hamar egun eman genituen bertan, eta oso esperientzia polita izan zen. Gaua estudioa ikusgarria da, inspirazioa bakarrik etortzen da. Emozio handiz daukagu gordeta grabatutako lanaren sekretua.

S.V.: Nire aurreikuspena da urte amaierarako EPa argitaratuta egotea. Oso prozesu luzea izaten ari da. Hurrengo bideoklipa grabatu dugu honezkero, beraz, aurki aurkeztuko dugu beste abesti bat.

Zuzenekoekin hasiko zarete aurki, ezta?

K.V.: Pijamada pare bat egin ditugu zuzenekoen nondik norakoak zehazteko (barreak).

S.V.: Apirilaren 21ean eskainiko dugu gure lehenengo kontzertua Loraldia Festibalean, Deustun. Ekainaren 24an Bilbo Rock aretoan arituko gara, eta uztailaren 9an Barakaldon.

K.V.: Aiaraldea Ekintzen Faktorian jotzea ere gustatuko litzaiguke!

Agurtu aurretik, azken galdera bat. Zergatik jarri zenion proiektuari Laztana Laztana izena?

S.V.: Galdera potoloa hau! Nire izena Sandra Cristina da, eta Sandra Cris izen artistikoa atzean uztea erabaki nuenean, izen konposatu baten bila jarri nintzen. Bi hitz nahi nituen, baina ez zitzaidan ezer okurritzen, harik eta egun batean nire amak  bazkari batean gatza eskatu nionean “ai laztana laztana!” esan zidan arte. Une horretan argi ikusi nuen, Laztana Laztana izango zen nire izen artistiko berria; bi hitz, Hannah Montana bezala! (barreak)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide