Leticia Jimenezek, Amurrioko Elkarrekin Podemosen alkategaiak, Hezkuntza Saila eskualdeko hezkuntza sistema publikoari “etengabe egiten dizkion murrizketak” arbuiatu zituen atzoko egindako agerraldian, eta salatu zuen erakunde publikoa “ez dela behar bezala jokatzen ari”. Era berean, eskualdeko udal gobernuek egoera honen aurrean duten “pasibotasuna” salatu zuen.
Podemosek, Ezker Anitza-IUk, Equo Berdeak eta Alianza Verdek osatutako koalizioaren iritziz, hezkuntza publikoa “gizartearen ardatz egituratzailea” izan behar da, eta ezinbestekotzat jotzen du horren aldeko “apustua eta inbertsioa egitea”. Jimenezek, gainera, azpimarratu zuen landa-eremuko eskola publikoak pertsona guztiei hezkuntzarako eskubidea bermatzen diela, “jatorria kontuan hartu gabe, eta lehen eta bigarren mailako herritarrekin bi abiadurako gizartea saihesteko lan eginez”.
Hori dela-eta, “erabat inkongruentea” iritzi zion “eskualde honetako hezkuntza publikoa alde batera uzteari eta 476.000 euroko inbertsioa iragartzeari itunpeko sarerako, atzo -asteartean- Gobernu Kontseiluaren ondoren iragarri zen bezala”.
Kalera ateratzeko aldarria
Leticia Jimenezek ohartarazi zuen Aiaraldeko eta Amurrioko eskola publikoa “etengabe desegiten” ari dela eta “egoera larrian” dagoela. Eskualdeko instituzioak Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritzera bultzatu zituen, “instalazioak hobetzeko eta hezkuntza sistema publikoa desegiteko ahaleginak geldiarazteko”.
Bitartean, hobekuntzak eskatzeko protesta egiten jarraitu behar dela adierazi zuen eta, horregatik, bihar, apirilaren 21ean, Laudion egingo den manifestazioarekin bat egiteko deia luzatu zuen. Eskualdeko eskola publikoak Aiaraldeko hezkuntza publikoa bizirik! lelopean antolatu dute mobilizazio zaratatsua. Ostiralean 18:00etan abiatuko da Lamuza Ikastetxetik.