Alokairurako bi etxebizitza eskainiko ditu Baranbioko Administrazio Batzarrak biztanleak erakartzeko

Aitor Aspuru Saez 2023ko api. 21a, 10:10

Baranbioren kokapen bikaina azpimarratu du Jesus Mari Bernaolak, Amurrio eta Gasteiztik gertu, alegia. / Aiaraldea.eus

365.000 euroko inbertsioa egingo du tokiko erakundeak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntza izango du.

Baranbioko Administrazio Batzarrak apustu garrantzitsua egin du biztanle gehiago erakartzeko eta bi aste barru lanak hasiko dira "nesken eskola ohian eta irakasleen etxebizitza ohian". Eraikinak bergaitu ondoren, alokairuan eskainiko dituzte. Konponketak urtebetean amaitzea aurreikusi dute.

Obrek 365.000 euro balioko dute, eta Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko ekarpena egingo du. Arabako Foru Aldundiak, aldiz, 25.000 euro bideratuko ditu. Gainerakoa Baranbiok berak hartuko du bere gain, hau da, 240.000 euroko inbertsioa.

Edonola ere, oraindik adostu behar dute Baranbiok eta Eusko Jaurlaritzak zein eredu erabiliko den alokairurako, baita baldintzak ere.

Saiakera anitz

Proiektua egikaritzeko bidea, ordea, ez da erraza izan. Jesus Mari Bernaola Baranbioko Administrazio Batzarreko presidenteak azaldu duen moduan, 2008an lursaila erosi zuten 12 etxebitza eraikitzeko, baina adreiluaren krisialdiak bete-betean eragin zion egitasmoari, eta bertan behera utzi behar izan zuten. "Berriro mahai gainean jarri genuenean proiektua Eusko Jaurlaritzaren arauak erabat aldatu zituzten eta ezinezkoa da han ezer egitea".

Gero, Babes Ofizialeko Etxebizitzak sortzeko ekimena abiatu zuten, eta beste erakundeetako dirulaguntzak ere eskuratu zituzten. Ordea, Baranbiok egin behar zuen erabilera dela medio, Zuzkidura-alojamendua zen definizio legal egokiena eta dena ezer ezean utzi eta berregin zuten proiektua esparru horretan sartzeko.

Baserriak erortzear

Jesus Mari Bernaolaren ustez, herri txiki guztiek dituzte arazoak herritar berriak lortzeko. Baranbioren kasuan, ordea, badago gehitu behar den aldagaia: "Baserri asko daude hutsik, baina jabeek ez dute nahi ez saldu, ez alokatu".

Bernaolaren aburuz, baserriak gizartearen ondarea dira, eta gehienak erortzear daude. Hortaz, exijitzen die erakunde publikoei tresnak sortzeko hori gerta ez dadin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide