Euskal Herriko Itzuliaren emakumezkoen bira aurkeztu berri dute: maiatzaren 12tik 14ra jokatuko da, hiru etapetan. Horietako bat, gainera, eskualdean bukatuko da; Amurrion, hain zuzen.
Maiatzaren 13an Aiaraldeko zenbait portu eta errepide zeharkatuko dituzte emakume txirrindulariek, Amurrion helmugaratu aurretik
Maiatzaren 12an abiatuko da norgehiagoka Etxebarrian, eta Markiña-Xemeinen bukatuko da lehenbiziko etapa. Bigarren egunean, larunbatean, Gasteizetik abiatuko dira, eta Amurrio izango dute helmuga. Donostia-Donostia zeharkaldiarekin amaituko da ekimena, maiatzaren 14an.
Hiru egunetan, 7 mendate
Lasterketa motza izan arren, erronka handiak izango dituzte txirrindulariek bidean. Izan ere, zazpi mendate puntuagarriri egingo diote aurre: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako lau.
Amurrio erdigunean jarriko duen etaparen profila ondorengoa izango da:
Amurrio helmuga
Eskualdean hainbat gune igaro beharko dituzte partaideek maiatzaren 13ko etapan. Gainera, aurtengo etaparik luzeena izango da. Berez, Gasteizetik Langraitzera joko dute, Mimbredo eta La Tejera igo ostean, Barrotan eta Subillatik pasatuko dira; eta Goiuritik helduko dira Urduñara.
Etapak, orotara, 133,2 kilometro izango ditu, eta 80. kilometro inguruan sartuko da proba Aiaraldean. Aurreikusi dutenez, Amurrion espero dute lehenbiziko esprinta; Malkuartu 3.mailako mendatea igo aurretik (102,8 kilometroan hain zuzen). Zehaztu dutenez, maldak %4,7ko desnibela du.
Arespalditzan ere ikuskizuna espero da: 115,9 kilometroan bigarren esprint puntuagarria gertatuko baita. Lezamara bertaratuko dira segidan eta, nabarmendu dutenez, erabakarria izan daiteke igaroaldi hori podiuma zapaltzeko orduan, Amurrioko helmugatik 5 kilometrora dagoelako.
Horrenbestez, hauek izango dira '2023ko Itzulia Women' txapelketaren eskualdeko zeharkaldiak:
- Urduña (Barrerillatik iritsiko dira 80.kilometro inguruan)
- Amurrio
- Malkuartu
- Arespalditza
- Lezama
- Amurrio (Helmuga puntua)