San Anton plazan egin du ekitaldia EAJk gaur 18:30ean. Zerrendak Arabako herri guztietan aurkeztuko dituztela azpimarratu du Jose Antonio Susok, Zalduondon salbu. Hala, Aiarako alkategai eskarmentudunak aurkeztu ditu, denek errepikatuko baitute zerrendaburua. Artziniegan Encina Castresana izango da alkategaia, Okondon Jon Escuza, Amurrion Txerra Molinuevo, Aiaran Gentza Alamillo eta Laudion Ander Añibarro. “Esperientziadun jendea dugu. 37 egun falta dira kanpaina bukatzeko, eta 39 egun hauteskundeak amaitzeko. Egin beharrekorako orain da unea: bozka gaitzatela”, erantsi du.
Txerra Molinuevo izan da hitza hartzen lehena. Josune Irabieni hartu zion lekukoa, eta eskerrak emateko baliatu du aukera. “Etorkizun ilusionagarria eta kalitatezkoa dugula aurretik bermatzen dizuet”, ziurtatu du hautagaiak, eta udalerrian indartu nahi dituzten politikak izan ditu hizpide.
Encina Castresanak, berriz, eskarmentua azpimarratu du: “Asko gustatzen zait nire herria, eta horregatik jarraituko dut hemen. Langilea, hurbila eta konprometitua naiz. Azken lau urteetako esperientziatik, talde berritua daramagu; eta gure herrirako anbiziodun programa eraman nahi dugu aurrera”. Artziniegak ezin duela egunik galdu aipatu du; eta gazteentzat zein edadetuentzat programak, komertzioak zein industria laguntzea eta turismoaren aldeko apustuak goraipatu ditu. “EAJ gara, eta merezi duen lekua eman nahi diogu Artziniegari”.
“4 urte hauetan alderdikideek emandako konfiantza eskertu nahiko nuke. Talde ilusiodun eta serioa dugu. Hauteskundeetara etxekolanak eginda aurkezten gara. Helburuak betetzeko bizilagunengandik gertu egon gara, euren beharrak aktiboki entzun ditugu. Herritarrak dira gure politikak eusten dituztenak”, kontatu du Jon Escuza Okondoko zerrendaburuak. 28 urtez oposizioan egonda lortu zuen alkatetza EAJk 2019an, oroitu duenez.
Gentza Alamillok, ordea, hirugarrenez errepikatuko du alkategaitza. “Ni ez naiz bakarrik egon Udalean, talde oso ona izan dut”, nabarmendu du. Batzar Administratiboak ere izan ditu gogoan, baita aurrera begirako proiektuak ere: Aiaramugi, gardentasuna eta parte hartzea udal aurrekontuetan, garraioen hobekuntza… “Aiara da Araban mugikortasun zailena duen herrietako bat, eta gure herriko garraio zein azpiegiturak hobetu nahi ditugu; kirol eremuak, tren geltokiak…”.
Azkenik, Ander Añibarrok defendatu du bere hautagaitza. Osasun zentroa, Nerbioi ibaiko ibilgua handitzeko obra, antzokia eta beste hainbat egitasmo argudiatu ditu. “Aurkeztutako proiektuen %90 bete dugu, 120 ekintza. Emandako hitza bete dugu”, adierazi du alkategaiak. Ildo beretik, herrirako 70 milioi euro lortu dituztela erantsi du. “Etorkizunari begira, denentzako politikak ditugu; baita industria, etxebizitza, komertzio zein industria, berdintasuna, euskara… Eta horrela ehun iniziatibara iritsi arte”.
Arabako Batzar Nagusietako zerrendaburu gisa, aldiz, Irma Basterra mintzatu da. Eskualdean alderdiaren alde egindako lana laburtu du: "Konpromiso erabatekoa agertzen dut Aiara eskualdearekiko; hemen bizi edo aktibitate ekonomikoan diharduten herritar guztiak lagunduko ditut, hitzetatik ekintzetara pasatuz, baina konfrontaziorik gabe, ez da nire ez EAJren estiloa. Gurea lana, ilusioa, kudeaketa eta konfiantza da”.
Tapia eta Gonzalezen hitzartzeak
Arantxa Tapiak eta Ramiro Gonzalezek borobildu dute ekitaldia. Tapiaren esanetan, egindako lanaz harro egoteko moduan daude: “Lurralde hau industriala da, eta hala izaten jarraitu behar dugu. Ezin ditugu desagertarazten utzi. 40 urte daramatzagu hori egiten, eta horrek ekarri gaitu momentu honetara, abertzaletasuna ahaztu gabe. Elkarrekin lan eginez, udalekin eta Aldundiarekin, guztiok aurrera egingo dugu”.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, azkenik, arazoei aurre egiteko jeltzaleen gaitasuna gailendu du hiru mezutan. EH Bilduri zuzendu zaio lehenbizi: "Aiarak geroa du, jeltzaleen lanagatik: industrian, ondarean, politika sozialetan... inbertitzen dugu, horregatik du etorkizuna Aiarak". Bigarrenik, burututako inbertsioak gogorarazi ditu: Kexaako monumentuak, Nerbioiko parke lineala, osasun zentroak... "Lege-agintaldi honetan sekula baino gehiago inbertitu dugu Aiaran, beste batzuek makilak gurpiletan jarri dituzten bitartean".
Bukatzeko, etorkizunari begira jarri da Gonzalez: "Aiaragatik egingo dugu apustu instituzioetatik ere: Laudioko antzokia, Okondoko kirol azpiegiturak, dorretxeen etxea, Kexaako monumentu multzoa, industria, eguneko arreta zentroak... 41 milioi euro ditugu dagoeneko konprometituta instituzioetako aurrekontuetan; hori da gure konpromisoa".