Atzo 11:30ean Guk eskulturaren aurrean aurkeztu zituen PSE-EEk Ana del Val, Laura Fernandez eta Loli Muriel. Hau da, Arabako Batzar Nagusietako zerrendaburua eta Amurrio eta Laudioko alkategaiak, hurrenez hurren.
Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Diputatuak egin zituen aurkezpen lanak eta gero hitza eman zien zerrendaburuei. Nabardurak egon baziren ere, hautagai sozialistek hiru mezu argi zabaldu zituzten.
Alde batetik, defendatu eta goraipatu zuten Arabako Foru Aldundian, Eusko Jaurlaritzan, Laudio eta Amurrioko Udaletan zein Espainiako Gobernuan egindako kudeaketa. Zentzu horretan, adierazi zuten horrela lortu dela tren azpiegituran hobekuntzak egitea, Aiaraldea suspertzeko plan sozioekonomikoa, araztegien eraikuntza hastea, edota Kexaako gune monumentalaren erosketa.
Azken horretan, Ana del Valen esku hartzeari garrantzia eman zioten, Arabako Foru Aldundiko Kultura Diputatua baita.
Halaber, ziurtatu zuten EAJren joera zatikatzaileei muga jartzeko balio izan dutela eta ezinbestekoak izan direla erakundeei egonkortasuna emateko.
Hori guztia dela eta, babesa handitzeko deia luzatu zuten sozialistek, horrek proiektu berriak egikaritzeko aukera emango dielakoan.