Galder Barbado Bonillaren ibilbide judiziala une kritikoan sartuko da apirilaren 26an. Izan ere, Auzitegi Gorenera helduko da amurrioarraren helegitea eta epaileek erabaki beharko dute zer egin bere eta Aitor Zelaietaren epaiarekin. Berez, zigortuen abokatuek eta fiskalak helegiteak aurkeztu zituzten. Defentsak absoluzioa aldarrikatu zuen eta fiskalak, ordea, 8 urteko espetxe zigorra exijitzen du.
Hain zuzen, 2021ean Angela Murillo Entzutegi Nazionaleko epaileak 4 urteko espetxe zigorra ezarri zien biei eta baldintzapeko askatasunean egon dira geroztik, aurretik sei hilabete kartzelan igaro ondoren.
Bi urteko itxaronaldiaren ostean, egun edo aste gutxitan jakingo dute kartzelaratuko dituzten edo ez.
Hori dela eta ANkerkeria Stop! plataformak alarma deia zabaldu eta jakinarazi du apirilaren 26an bertan mobilizazioak egingo dituztela Amurrion, Agurainen eta Gasteizen. Zehazki, Amurrion 19:00etan hasiko da manifestazioa herriko plazatik.
🚨 Iritsi da unea: asteazkenetik aurrera Galder Barbado eta Aitor Zelaia edozein unetan espetxeratuak izan daitezke.
— ANkerkeriariStop (@ANkerkeriaSTOP) April 22, 2023
✋ Ha llegado el momento: a partir del 26 de abril Aitor y Galder podrían ser encarcelados en cualquier momento.
ORAIN INOIZ BAINO GEHIAGO!#ANkerkeriariSTOP pic.twitter.com/ErHoGa74XN
2019an atxilotua eta espetxeratuak
Galder Barbado Bonilla eta Aitor Zelaieta 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Ertzaintzak, lehergailuen gordailu batekin lotutako operazioan.
Bi gazte arabarrek sei hilabete igaro zuten behin-behineko espetxealdian; Madrilgo Soto del Realen aurrena, eta Zaragozako Daroca espetxean gerora, Amurriotik 367 kilometrotara. 2019ko abuztuan baldintzapean aske geratu ziren Entzutegi Nazionalean egitekoa zen epaiketaren zain.
Epaiketa Madrilen
COVID-19aren pandemiak atzeratu egin zuen bi gazteen aurkako epaiketa, eta ez zen 2021eko urtarrilera arte burutu. Bien bitartean, Barbado eta Zelaiaren egunerokoa baldintzatuta egon da: astero epaitegian aurkeztu beharra, Espainiako Estatutik ateratzeko debekua eta jarraipen polizial zorrotza ezarri zaizkie.
2021eko urtarrilaren 21 eta 22an egin zen epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat, material lehergarria helburu terroristekin gordetzea egotzita. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune kasua eraman zuen epaile berdina.
Helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean
Defentsak eta akusazioak helegite bana aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Defentsak bi gazteen absoluzioa eskatu zuen, epaiketak iraun bitartean akusazioak Dura herrian aurkitutako bidoia bi gazteekin erlazionatzerik izan ez zuela ulertuta. Akusazioak, bere aldetik, 8 urteko espetxe zigorra ezartzearen alde egin zuen.