Mendiko Eskolako sukaldeko langileek protesta hasi dute salatzeko lau behargin izatetik hiru izatera igaro direla. Printzipioz, lan txikiak egin gabe uzteari ekin diote, jarduera bera betetzeko giza baliabideak ia laurden batean murriztu baitizkiete.
Sukaldeko langileek zenbait lan egiteari utzi diote protesta gisa, baina baita behargin bat gutxiagorekin ez dielako denbora ematen denari heltzeko.
Aipatzekoa da Mendiko Eskolako sukaldariek 290 umeri ematen dietela bazkaria eta egungo egoeran 50 ikasleko ratiotik kanpo daudela. "Ahal dugun moduan egiten dugu lan", aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari behargin batek.
Lan erreforma
Gatazkaren muina da Espainiako Gobernuak egindako lan erreformaren aldaketa. Horren ondorioz, behin-behineko laguntza kontratuek ezin dute iraun sei hilabete baino gehiago. Hau da, Eusko Jaurlaritzak falta den sukaldariaren lanpostua sortu beharko luke, ikasturteak 9 hilabete irauten baitu.
Cateringa
Horren ordez, Hezkuntza Sailak proposatu du catering zerbitzua baliatzea, baina ikastetxean ez daude ados. "Aurten 50 umeri emango diete cateringeko janaria eta hurrengo ikasturtean guztiak izango dira, ziur. Horrek ez dauka zentzurik, hemen azpiegiturak ditugu propio gure bazkaria prestatzeko", azaldu du sukaldarietako batek.
Sukaldeko langile bat gutxiagorekin geratu direnez, 50 ikasle ratiotik kanpo geratu dira eta Eusko Jaurlaritzak catering zerbitzua kontratatu du eurentzat.
Protesta gehiago
Eusko Jaurlaritzak luzatu ez duen kontratuaren bidez, langile batek egunero sei orduko jarduera zuen sukaldean eta, besteak beste, platerak jaso eta garbitzen zituen. Hori guztia egiteko tarterik ez dutenez, langileek zenbait lan egiteari utzi diote protesta gisa, baina ez dute baztertzen bestelako egitasmoak abiatzea. "Eusko Jaurlaritzak bazekien ikasturte hasieran hau gertatuko zela, ezin gara horrela ibili hiru hilabetez", aldarrikatu du langileetako batek.
Hori dela eta, Mendiko Eskolako Guraso Elkartearekin ari dira harremanetan laster bestelako aldarrikapen ereduak baliatzeko.
Ikastetxe gehiago egoera berdinean
Lan erreformaren eragina ez da bakarrik Amurrion nabaritu. Berez, EAEko ikastetxe guztiak daude ataka berean. Adibidez, Latiorro Ikastetxean lau orduz aritzen zen langile bat, babes moduan, eta kontratua agortzean kaleratu dute.