Apirilaren 21eko goizaldeko lehen orduan gertatu zen erasoa Bañuetako inguruetan. 01:00ak aldera larrialdi zerbitzuak Amurriora bertaratu behar izan ziren auto batek sua hartu zuelako. Suhiltzaileek esku hartu zuten garren zabalpena ekiditeko eta Ertzaintzak ere deiari erantzun zion.
Poliziak berak berretsi dio Aiaraldea Komunikabideari ibilgailuaren jabeak salaketa jarri duela, norbaitek sutea eragin zuelako apropos.
Erasoaren biktimak, bere aldetik, Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dio ez dela lehen aldia norbaitek egiten duela saiakera bere autoa erretzeko. Izan ere, abenduaren 28an beste sute bat piztu zuten autoan, baina auzokide baten deiari esker itzaltzea lortu zuten ibilgailua guztiz txikitu baino lehen.
