Espainiako Banakako Base Txapelketan aritu dira Aresketa Gimnasia Klubeko 3 kide

Erredakzioa 2023ko api. 25a, 19:30

Jon Riverak Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela du, eta beste gimnastek ere erronka ugari dituzte aurretik.

Pozik itzuli dira Aresketa Gimnasia Klubeko kideak Iruñan eginiko Espainiako Banakako Base Txapelketatik. Bertan aritu dira Amurrioko taldeko hiru kide: Aroa Elejalde, Haizea Ugarte eta Maddi Pasquier. “Azken honentzako bere lehenengo estatu mailako txapelketa izan da”, goraipatu du Elisabet Andak, “urduritasuna eta bertan egotearen presioa ariketetan nabaritu arren, tapizatik irribarretsu atera ziren hirurak”. 

Gauzak hala, eginiko lanaz “harro” daudela nabarmendu du klubeko entrenatzaileak, “izan ere, abendutik egon dira txapelketa hau prestatzen”. 

Proba gehiago

Bestalde, Aresketako gizonezko gimnasta bakarrak, Jon Riverak, Espainiako Txapelketan aritzeko txartela eskuratu du. Santandarren izango da hitzordua, ekainaren 21 eta 22an. 

Horrez gain, beste hainbat probetan ere arituko dira Aresketako gimnastak. Arabako Eskola Kiroletako finaletan parte hartu dute hurrengo astean. Maiatzaren 6an Benjaminen txanda izango da, eta Kimuena hurrengo egunean. “Kimuak A taldea Euskadiko eskolarteko jokoetarako txartelaren bila lehiatuko da”, nabarmendu du Andak, “helburu berarekin arituko dira hurrengo igandean, maiatzaren 14an, Haurrak A taldekoak eta banakako gimnastak. Momentuz Irune Ugartek badu lehiaketa honetarako txartela ziurtatuta”. 

Maiatzaren 13an, aldiz, Amateur finala izango da Amurrion, 14:00etatik aurrera. Bertan arituko dira Kadete A eta B taldeak. Banakako kirolariek ere zapalduko dute tapiza, eta ekainaren 3an Durangon egingo den Euskadiko Txapelketara pasatzea izango dute helburu, “baita Jubenil B eta Senior B banakako gimnastek ere, Ibone Moralesek eta Nahia Riverak”.

Gauzak hala, “ilusioz” ekingo diote Aresketako kideek denboraldi amaierari, Andak ziurtatu duenez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide