Mendi martxa egin zuten asteburuan Aresketa eta Laudio Ikastolako kideek Araba Euskaraz ekimenaren alde. Aurten Olarizun ospatuko da euskararen aldeko jai jendetsua, ekainaren 11n. Deialdi hori zabaltzeko, 3 mendi martxa egin zituzten guztira, Arabako 8 ikastolen artean.
Aiaraldeko martxa Amurriotik abiatu zen, Guk eskulturaren paretik, toki berean amaitzeko. Aresketa Ikastolaren paretik igaro zen ibilbidea, eta trikilariak batu ziren bertan martxara. Antolatzaileen esanetan, 200 lagun baino gehiago bildu ziren orotara, “eguraldiak bete-betean lagundu ez bazuen arren”.
Dena den, eguna ez zen ibilaldira mugatu. Parte hartzaileek hainbat jardueretan parte hartzeko aukera izan zuten herrira itzultzean, hamaiketakoaz gozatzeaz gain. Umeentzako jolasak egon ziren San Anton plazan, eta xakean aritzeko beta ere egon zen, Kalaka zurezko plaza jokuak-en eta Amurrioko Xake Taldearen eskutik.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete ekimenean parte hartu zuten herritar guztiei.
Argazkiak: Aresketa Ikastola