Ertzaintzak 18 urteko bi gazte atxilotu zituen asteazkenean Amurrion, auto batean indarra erabilita lapurtzea egotzita. Poliziak adierazi duenez, akusatuek dirua zuen maleta txikia hartu zuten auto batetik, kristala hautsi ostean. Dirudienez, herriko negozio batena zen diru hori eta zenbait dokumentazio ere bazegoen.
Ertzainek berehala abiatu zuten ikerketa eta bi gazte identifikatu zituzten susmagarri gisa. Gero etxebizitza batera jo eta han topatu zituzten. Poliziaren arabera, gazteek lapurtutako diru kopuru txikia zuten gainean, baina laguntzeko borondaterik ez zutenez agertu, Laudioko Ertzain Etxeko agenteek txakur unitatea deitu zuten.
Talde horretako binomioa bertaratu zen eta txakurrak bainugelan topatu zuen diru gehiena. Gainerako objektuak etxebizitzaren inguruan agertu ziren.
Guardiako epaitegiaren esku utzi zituen atzo Ertzaintzak atxilotuak.