Spiderabel indarberrituta bueltatu da Madrilgo maratoitik

Jone Gartzia Gerra 2023ko mai. 4a, 14:20

Apirilaren 23an parte hartu zuten Aefateko kideek Madrilgo maratoian. Elkarteko kideek betetzen duten 25. lasterketa luzea da. / Aefat

Apirilaren 23an izan zen Madrilgo lasterketa ezagunaren 45. edizioa. Zurich fundazioak proba amaitu zuen korrikalari bakoitzeko euro bana eman zion Aefat elkarteari. Spiderabel horietako bat izan zen; eta dagoeneko ia 20 maratoi egin ditu elkarteari laguntzeko.

“Esperientzia izugarria” izan dela adierazi du Abel Fernandezek, 'Spiderabel' ezizenez ezaguna den korrikalari solidarioak. 2018an hasi zen Aefat  (ataxia telangiectasia gaixotasun neurodegeneratiboa duten pertsonen eta senideen elkartea) laguntzeko maratoietan parte hartzen. Martin Fiz maratoia izan zen bete zuen lehena, eta geroztik ia 20 osatu ditu elkartearen alde. Bere kabuz distantzia luzeko 95 lasterketa osatu ditu korrikalari amurrioarrak.

2016an hasi zen Aefat maratoietan parte hartzen ikerketarako dirua biltzeko, eta 25 bete ditu dagoeneko

Ataxia telangiectasia gaixotasunak eragindako familia batek bultzatuta, 2016an hasi zen Aefat maratoietan parte hartzen ikerketarako dirua biltzeko. Korrikalari laguntzaileek gaixotasuna duten gazteak gurdian eramaten dituzte 42 kilometroko esperientzia goza dezaten. Ordutik 25 maratoitan parte hartu dute eta Zurich fundazioak diruz laguntzen die ekimen bakoitzean.

Azkenengoa apirilaren 23an izan zen, eta fundazioak lasterketa amaitu zuen korrikalari bakoitzeko euro bana eman zion elkarteari; guztira, 28.542 guztira. Oso eskertuta azaldu ziren elkarteko kideak, ekarpen ekonomikoagatik eta baita jasotako “babes emozional guztiagatik” ere. Elkarteko kide diren hamaika haur eta gaztek 42 kilometroak osatzeko aukera izan zuten hamasei laguntzaileri esker.

Horien artean zegoen Spiderabel. Lasterketa guztietan bezala, “indarberrituta” itzuli den amurrioarra. Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio jarduera hauek “maratoi bat baino askoz gehiago” direla elkarteko familientzat. “Lasterketa baino hilabete batzuk lehenago hasten dira dena antolatzen, non izango den, nortzuk parte hartuko duten, nola joango diren bertara...”.

Hurrengo maratoi solidarioa azaroaren 26an izango da Donostian eta diru-ekarpenak egiteko aukera dago elkartearen webgunean 

Gainera, gaixotasun bera duten beste gazte batzuekin ekintzak egiteko aprobetxatzen dute eta gurasoek ere aukera izaten dute beste guraso batzuekin esperientziak partekatzeko. Elkartean Espainiako Estatuko 40 familia inguru daude, eta gaixotasuna duten gehienak haurrak edo gazteak dira. “Haurrek asko eskertzen dute dena, euren gaixotasunagatik beti daudelako gertukoekin, eta horrelakoetan aukera dutelako asteburu oso bat beste jende batekin igarotzeko; indar handia ematen die”, gaineratu du Spiderabelek.

Amurrioarrak hurrengo zita solidarioaren data aurreratu du: azaroaren 26an izango da, Donostiako maratoiaren 45. edizioan. Era berean, aukera baliatu du jendeari Aefat laguntzeko gonbita luzatzeko. Horrez gain, egun dohaintzak egiteko bi bide daudela gogorarazi du: Aefaten webgunean eta 01274 zenbakira Bizuma eginez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide