Bajan dauden langileak jazartzea leporatu dio ESK-k Tubos Reunidosi. Sindikatuak azaldu duenez, Amurrioko lantegiko zuzendaritzak Tebex azpikontratatu du gaixotasun arruntagatiko bajan dauden beharginen jarraipena egiteko, eta enpresa hori “etengabeko presio eta mehatxu lana” egiten hasi da beharginen aurka, “alta-prozesua bizkortzeko”.
Hala azaldu du langile erakundeak prentsa oharrean: “Enpresa horrek aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langile guztiak gaizkile gisa tratatzen ditu, haien helburu bakarra enpresari iruzur egitea izango balitz bezala”. Sindikatuak salatu duenez, Tebexek ahaleginak egin ditu langileen informazio pribatua eskuratzeko, “proba medikoak, diagnostikoak, txosten medikoak eta abar”.
“Hitzarmena negoziatzen ari gara, eta uste dugu unea dela Tebex gure bizitzetatik botatzeko eta intimitaterako eta konfidentzialtasunerako dugun eskubidea berreskuratzeko”
ESK-ren arabera, Tebexek abiatzen du jazarpen prozesua, bajan dagoen langileak “lankidetzan aritu nahi ez duela” jakinaraziz Tubos Reunidoseko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, txosten baten bidez. “Hori eginda, Giza Baliabideen Zuzendaritzak jazarpen hori bultzatzen du eta mehatxuak gauzatzen ditu, langileei aldi baterako ezintasunagatiko osagarri ekonomikoak kenduz”.
ESK-ren arabera, Tubos Reunidosek eta Tebexek “kontu handiagoz” jokatu dute, “hitzarmenaren negoziazioaren ondorioz”. Horregatik, sindikatuak uste du beharrezkoa dela jokabide horri frenoa jartzea hitzarmena sinatu baino lehen: “Hitzarmena negoziatzen ari gara, eta uste dugu unea dela Tebex gure bizitzetatik botatzeko eta intimitaterako eta konfidentzialtasunerako dugun eskubidea berreskuratzeko”. Izan ere, ESK-k uste du estrategia hau zuzendaritzaren “apustu sendoa” dela eta ez duela “apur bat ere” lasaitzeko asmorik, “aurre egiten ez badiogu”.
Horri lotuta, sindikatuak nabarmendu du langileen eskubidea dela gaixotasun arruntagatiko bajetan sartu nahi duten ala ez erabakitzea, “baina Tubos Reunidoseko Zuzendaritzak eskubide hori betebehar bihurtu nahi du, derrigortasunean eta zigorretan oinarrituta”.
Langile erakundearen aburuz, "zuzendaritzak argudiatu du dena borondatezkoa dela oraindik”, eta osagarriak kentzen dituztela soilik langilea laguntzeko prest azaltzen ez den kasuetan. Baina, ESK-ko kideek uste dute “jazarpen modu oso bortitza” dela gaixotasun baten erdian soldata jaistearekin mehatxatzea, eta egoera horretan ez dela langilearen borondatea eta askatasuna errespetatzen.
Horri lotuta, ESK-k uste du “laneko segurtasun eta osasunean” inbertitzea dela absentismoa murrizteko neurririk eraginkorrena, eta galdera bat luzatu du ondorio moduan: “Enpresek gaixotasun arruntagatiko gure bajak kontrolatzea lortzen baldin badute, nork ziurtatuko digu behar bezala osatu ahal izango garela eta etikarik eta enpatiarik gabeko patronal gupidagabe batengandik babestuko gaituztela?”.