Amurrioko Mendiko eskola publikoaren aurrean elkartu dira Leticia Jimenez, Elkarrekin Podemosen Amurrioko alkategaia, eta David Rodriguez, Arabako Ahaldun Nagusia.
Jimenezek Amurrioko hezkuntza publikoa hobetzeko lau neurri jarri ditu mahai gainean: haurren eskoletarako zuzkidura ekonomikoa handitzea, azpiegituren egoeraren diagnostikoa egitea, matrikulazioa aztertzea eta hezkuntzaren udal batzordea sortzea. Neurri horiekin, itunpekoaren aurrean euskal eskola publikoa "blindatzea" bilatzen du Elkarrekin Podemosek.
Izan ere, Rodriguezek azpimarratu du hezkuntza legeak ez duela eskola publikoaren papera indartzen. "Lege-proiektu honek ez du eskola publikoa indartzen, ez du haren balioa aitortzen eta ez du segregazioaren aurka borrokatzen. Horregatik, ez dugu lege hau babestuko, ez direlako aintzat hartzen euskal eskola publikoa eta hura osatzen duten eragileak”, azaldu du.
Era berean, EH Bilduri "arduragabe" jokatzea leporatu dio eta salatu du ezagutzen ez dituzten interes batzuk jarri dituela koalizioak hezkuntza publikoaren aurretik.