Egun osoko jaia prestatu dute Garrastatxuko Txosnan biharko. GarrastatxuRock jaialdia antolatuko dute baselizaren alboan. 10x15 metroko karpa bat jarri dute, oholtzarekin batera. Modu horretan, euriari aurre egitea espero dute antolatzaileek.
Giro beroa espero dute arratsaldeko bostetatik aurrera, sei musika talderen eskutik: Etsaiak Eroak, Habemus Papam, Radiocrimen, Zutik! eta Rotten Terror. Sarrerak 12 euro balio du.
Txile dastatze lehiaketa
Baina aurretik ere egongo da zertaz gozatu, edo sufritu. The Hell Contest topaketa egingo dute 10:00etatik aurrera. Txile pikante dastatze txapelketa izango da. Mekanika sinplea izango du jokoak: txile gehien jaten duena izango da irabazlea. “Valentziako herri bateko lagun batzuek antolatzen dute lehiaketa, nazioartean, eta hau izango da Euskal Herrian egingo den lehenbiziko aldia”, nabarmendu dute Garrastatxuko Txosnako arduradunek, eta gaineratu dute janari pikantedun postuak ere egongo direla goiz osoan zehar.
Ondoren, bazkaltzeko aukera egongo da, eta bi musika talde arduratuko dira bazkalostea girotzeaz: Mozkor Alaiak eta Mikey Boy and the Yee-Haws.
Jaialdiaren antolatzaileek aitortu dute ekimenak “eskuetatik ihes” egin diela. “Jaialdi handi bat antolatu dugu azkenean, eta sarrera asko saldu dira”. Gauzak hala, biharko eguna arrakastatsua izatea espero dute, eguraldia gorabehera.