Elkarrekin Podemos eta Guk Bairen koalizioak bere hauteskunde programako hiru ardatzen inguruko neurriak aurkeztu ditu, gazteriaren eta haurren arlokoak, fiskalitatearen ingurukoak eta gertuko merkataritzaren gainekoak, hain zuzen ere.
Gazteei eta haurrei aukerak ematea
Gazteen eta haurren arloan, lau dira koalizioak proposatutako neurriak. Gazteei “bizitzeko eta aisialdirako aukerak” eskaini nahi dizkiete eta “udalerrian bertan emantzipatzeko aukera” eman. Horretarako, lurzoru publikoa askatu nahi dute alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko.
Bestalde, 12 eta 30 urteko gazteen parte-hartze modu berriak sustatzeko, Haurren eta Nerabeen Tokiko Kontseilua sortu nahi dute.
Herriko txikienei dagokienez, parke estaliak eraiki nahi dituzte “eguzkitik eta euritik babestuta jolastu ahal izan dezaten”. Horrez gain, kabinete psikopedagogikoa indartu nahi dute, haurrei eta gazteei “tresna emozionalak emateko”. Adibide gisara, jazarpen fisikoa saihesteko mekanismoak eman ditzakeela adierazi du Bea Izaguirre koalizioaren zerrendako bigarrenak.
Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren ereduari lehentasuna
Tokiko merkataritzari dagokionez, Elkarrekin Podemos eta Guk Baik “baserritarrak babesteko” aldarria luzatu die erakundeei. Koalizioak proposatu du HAPOetan murrizketak sartzea makroetxaldeak, zentral eolikoak eta fotovoltaikoak instalatzeko eta zero kilometroko kontsumoa bultzatzeko.
Talde politikoaren arabera, Amurrion eta Aiaraldean “bi errealitate sozioekonomiko oso desberdin daude”, oso industrializatutakoa eta landatarra. Izaguirreren ustez, errealitate industrializatua da “hamarkadatan arreta onenak jaso dituena”, eta orain erakundeei dagokie “biztanleak defendatzea makroetxaldeen, kapitalismo gupidagabearen eta azalera handiko energetikoen interesen aurrean”.
Horretarako, koalizioak lehentasuna eman nahi dio “nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eredu familiar, sozial, bideragarri, jasangarri eta eskualdeari lotutakoari”.
“Bertako merkataritza bultzatzeko eta inguruko baserritarren ekoizpena defendatzeko” proposamenen artean, HAPOetan sartu nahi dituzten murrizketez gain, “tokiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa dinamizatzeko politikak” ere jarri nahi dituzte martxan, “bai udal mailan, bai eskualde mailan, inguruko saltokietan ekoizten diren ondasun horiek salgai jarriz, zero kilometroko ostalaritza sortuz eta eskolak edo egoitzak produktu horiekin hornituz”.
Fiskalitatea, "desberdintasun sozialak murrizteko" giltza
Azkenik, fiskalitatearen arloko proposamenen artean, “zerga politika bidezkoagoa eta birbanatzaileagoa garatzea” proposatu du Leticia Jimenez alkategaiak. Ezkerreko koalizioarentzat fiskalitatea ezinbestekoa da “aberastasuna banatzeko eta desberdintasun sozialak murrizteko”. Taldeko kideen aburuz, “politika fiskalak, besteak beste, enplegu-planak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, euskarazko prestakuntza, tokiko ekoizleentzako laguntza eta oinarrizko zerbitzu publikoak finantzatzeko balio du”.
Zerrendaburuak Foru Aldundian jarri du fokua: “Legediak ez die udalei aukera handirik ematen bide fiskaletik diru-sarrerak hobetzeko eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dugu Foru Aldundiari eskatzea zergen bidez biltzen den diruaren banaketan aldaketa bat egiteko, udalei finantzazio juridiko handiagoa emateko”.
Miguel Burdallo Arabako Batzar Nagusietara aurkeztutako zerrendako bigarrenak, bere aldetik, proposatu du lokal hutsei “gehieneko errekargua aplikatzea”, prezioak ez daitezen oztopo izan negozioak zabaltzeko. “Hasteko prozesuan dauden negozioak izango dira legediak baimentzen dituen salbuespenen onuradun”, azpimarratu du Burdallok.