Zerbitzu publikoen eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua egingo du Elkarrekin Podemos-Guk Bai koalizioak

Jone Gartzia Gerra 2023ko mai. 25a, 13:00

Leticia Jimenez da Elkarrekin-Guk Bairen alkategaia. / Elkarrekin Podemos-Guk Bai

Elkarrekin Podemos-Guk Bai koalizioak Amurrion etxebizitza arloan, zerbitzu publikoetan, osasunean eta ingurugiroan dituen proposamenak azaldu ditu. Besteak beste, etxebizitza publikoen parkea, eskualdeko osasun programa sortzea eta Gorobel mendilerroa Paisaia Natural Babestu izendatzea dira taldearen apustuetako batzuk.

Elkarrekin Podemos-Guk Bai koalizioak Amurriorentzako eta Aiaraldearentzako dituen proposamenetako batzuk azaldu ditu. Etxebizitza arloan, zerbitzu publikoetan, osasunean eta ingurugiroan jarri du fokua.

Etxebizitza

Etxebizitzari dagokionez, bi dira nabarmendutako neurriak: hutsik dauden etxebizitzen errolda sortzea, “etxe horiek merkatura atera daitezen alokairu sozial gisa”; eta etxebizitza publikoen parkea sortzea, “etxebizitza eskubide bat delako, eta ez delako bidezkoa negozio hutsa izatea”.

Leticia Jimenez Amurrioko alkategaiak goraipatu du Espainiako Kongresuan onartu berri duten Etxebizitza Legeak “etxebizitzetan dagoen defizita zuzentzeko aukera” ematen diela udalei, “sustapenen %30 etxebizitza babestu gisa erreserbatzera behartzen baitu, bai eraikuntza berrietarako, bai erreforma handietarako”.

Koalizioak aurreratu du legediak neurri pizgarri gisa baimentzen duen OHZren %150eko errekarguaren alde joko duela.

Osasuna

Osasunari dagokionez, taldearen apustua “eskualdeko osasun programa bat” osatzea da. Horren barruan, “lehen mailako arreta zerbitzua hobetzea eta handitzea eskatuko du, 24 orduko arreta pediatrikoa, aho-hortzen osasuna edo bularreko minbizia prebenitzeko udal programa bat martxan jartzea” defendatuko duela jakinarazi du.

Horrez gain, eskualdeko ospitalerik ez dagoen bitartean Galdakaokora joateko zuzeneko autobus zerbitzua eskatzen jarraituko dutela ohartarazi dute, bai eta “anbulantzia zerbitzu egokia eta deszentralizatua” aldarrikatzen.

Ingurumena

Ingurumenean, Gorobel mendilerroa Paisaia Natural Babestu izendatu nahi du Elkarrekin Podemos-Guk Baik, “ eskualdeko mendiak babesteko eta haize-errotaz eta eguzki-plakaz bete ez daitezen”.

Jimenez alkategaiak zehaztu du energia berriztagarrien alde daudela, baina makro proiektuen ez bestelako eredu baten alde egiten dutela. Koalizioak planteatu du “horrelako proiektuak egin aurretik, eraikinetako teilatuetako estalkiak edo hiriarteko bideetako trazadurak aprobetxatzea eguzki-plakak jartzeko, proiektu txikiagoen, deszentralizatuen, energia-komunitate publiko txikien eta kudeaketa zuzeneko proiektuen bidez”.

Bestalde, trantsizio energetikorako plan bat egiteko beharra jarri du Elkarrekin Podemos-Guk Baik mahai gainean. Asmoa “tokiko industriaren deskarbonizazioa” ahalbidetzea da, eta inguruko airearen kalitatea ere aztertu nahi dute, batez ere Laudion eta Amurrion, industriak eta trafikoak eragindako kutsaduran arreta jarriz.

Zerbitzu publikoak

Amurriori dagozkien proposamenekin amaitzeko, Elkarrekin Podemos-Guk Baik zerbitzuak udalekotzearen aldeko apustua egingo duela adierazi du.

Leticia Jimenez alkategaiaren arabera, “Udalaren zuzeneko kudeaketa da aukerarik onena da ekonomiari, eraginkortasunari eta zerbitzuaren kalitateari dagokienez, eta antidoto onena lan-prekaritatearen eta soldata baxuen aurka”.

Hori dela eta, Bañueta kiroldegiko zerbitzua, bide-garbiketakoa, udal-, eskola- eta kirol-zentroetakoak, lorezaintza-lanetakoak eta kabinete psikopedagogikoarenak udalekotzea aldarrikatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide