Exebizitza arloan, hirigintzan, kulturan, kirolean eta berdintasunean Amurriorako dituzten proposamenetako batzuk aurkeztu dituzte egunotan jeltzaleek.
Etxebizitza
Etxebizitzari dagokionez, Amurrioko EAJk alokairuko etxebizitzak sustatzeko konpromisoa hartu du, etxebizitzaren auzia lehentasunezkotzat jota eta “gazteek gehien eskatzen duten beharretako bat” dela iritzita.
Hala, hauen emantzipazioa sustatzeko alokairuko etxebizitzak eraikitzea sustatuko dutela adierazi dute jeltzaleek. Txerra Molinuevo egungo alkate eta alkategaiak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatzen duten ildoa dela eta erakundeen arteko sare-lana egiten jarraituko dutela.
Hirigintza
“Auzoak hobetzea” da Amurrioko talde jeltzalearen beste lehentasun bat, eta arreta berezia jarri dute Goikolarra eta Landako auzoen berroneratzean, “bai azpiegiturak, etxebizitzak eta espazio publikoak birgaitzeko jarduketekin, bai irisgarritasuna, berdegune gehiago eta hiri-altzariak hobetzeko lanekin”.
Kasu honetan ere, erakundeen arteko elkarlana goraipatu du EAJk, eta azpimarratu Goikolarran jarduteko 3,3 milioi euroko injekzio ekonomikoa jasoko duela Amurriok Aiaraldeko Berehalako Ekintza Planaren bidez. Europaren eta Aldundiaren laguntza ere jasoko du udalerriak auzo hori leheneratzeko, eta Landako auzoa Udalaren eta Foru Aldundiaren artean finantzatuko dute.
Kultura
Udalerriko kultura sarea indartzea da EAJren beste helburuetako bat. Horretarako, onartu berri duten Kulturaren Lehen Plan Estrategiko aurrera eramango dutela azaldu dute jeltzaleek, helduentzako eta haurrentzako kultur eskaintza handituz, espazioak dinamizatuz, artistentzako bekak bultzatuz edo pelikulen filmaketak sustatuz, adibidez.
Kultur Etxea berme guztiekin berrizteko aukerak aztertuko dituztela jakinarazi du Molinuevok, eta datozen lau urteetan Merkatu Zaharra eraberritzeko konpromisoa hartu du.
Azken horretan, egitura finkatu behar dute eta kanpoaldea eraberritu eta, horren ostean, haurrentzako eta helduentzako bi liburutegi, mediateka bat eta ikasketa-gelak antolatu nahi dituzte.
Berdintasuna
EAJk adierazi du berdintasuna, indarkeria matxistaren deuseztapena eta aniztasuna sustatzen jarraituko duela.
Udala begirada feministatik kudeatzen jarraitu nahi duela adierazi du taldeak, “bidezkoa den gizartean” sinesten duelako, “genero-bereizketarik gabe”. Duela hilabete batzuk aurkeztutako Aingurak, Udal Berdintasunerako V. Plana garatzen jarraitu nahi dute, “Amurrioko emakumeen sarearekin elkarlanean”.
Plan horretan, gainera, LGTBIQA+ kolektiboak jasaten dituen diskriminazioaren eta erasoen aurkako borroka sendotzeko sentsibilizazio programak jasotzen dira.
Kirola
Bañuetako kiroldegiaren eta udal pilotalekuaren berrikuntzan aurrera egiteko konpromisoa ere hartu du alderdi jeltzaleak. Kiroldegiaren kasuan, herritarren eskaerak kontuan hartu dituztela eta dagoeneko hau berritzeko lehen urratsak egin dituztela azpimarratu du taldeak.
Erreforma proposamenak guneen antolaketa berria aurreikusten duela aurreratu dute jeltzaleek. Dantza-eskolako aretoa hobetu nahi dute, muskulazio-gela sortu, fitness-makineria berritu, ikasketa-gela ireki eta eraginkortasun energetikoa hobetu.
Zabaleko eta Mendiko eskola publikoetako pilotalekuei dagokienez, ikastetxeetako ohiko mantentze-lanen barruan bi hauek hobetuko dituztela agindu dute Amurrioko jeltzaleek. Lehenaren kasuan aldagelak berrituko dituzte eta bigarrenean estalki bat jarriko dute.
Energia trantsizioa
Era berean, Amurrioko taldeak azpimarratu du trantsizio energetikoan egingo duela lan “herri jasangarriagoa lortzeko”. Zehazki, “autohornikuntzaren bidezko trantsizio energetikoa” sustatu nahi du, “komunitate energetiko berriztagarrien ekimenen inplementazioarekin, EKIOLAren kasuan bezala”.
Neurri zehatzei dagokienez, bi nabarmendu dituzte jeltzaleek. Batetik, Aresketa ikastolara joateko oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbide bat egingo dutela azaldu dute; eta, bestetik, proiektu pilotu gisa Ingurumen Kontseilua jarri nahi dute martxan, IHOBErekin (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) lankidetzan.
Argitu dutenaren arabera, adituek, hainbat sektoretako ordezkariek eta amurrioarrek osatuko lukete kontseilua, eta helburua “Amurrioko ingurumen-erronkei heltzea eta konponbide iraunkorrak sustatzea” izango da.