Marianistas Ikastetxean jokatuko dute asteburuan Arabako Junior Kategoriako Txapelketa. Lauko finalean Axa Amurrio A egongo da, Zaraobe Saskibaloi Taldeko ordezkaria. Bere aurkaria Aitzondo Taberna Toju izango da 18:00etan eta, irabaziz gero, finala jokatuko dute igandean 16:00etan.
Iker Arberas entrenatzaileak adierazi du ez dagoela faborito argirik eta denboraldian zehar talde guztiek erakutsi dutela indarrak nahiko orekatuak daudela: "Guk bi partida galdu ditugu, Araba eta Marianistas-en kontra, baina beste guztiak irabazi ditugu". Berdintasun egoeraren ondorioz, Arberasek azaldu du bere jokalariak ilusionaturik daudela.
Denboraldiari dagokionez, Arberasek azaldu du hasierako helburua ezin izan dutela bete: "Gure xedea zen Euskal Ligara igotzea, eta maila dugula erakutsi genuen, Baskonia irabazita, adibidez. Hala ere, gero bi partida galdu genituen eta ez ginen lauko finalean sartu".
Dena den, denboraldiaren bigarren zatian hobera egin dute eta beren jokoa garatu ahal izan dute: "Guk talde jokoa egiten dugu beti. Saiatzen gara kantxan dauden bost jokalariek pilota izan dezaten, azkar jokatzen eta defentsan dena ematen."
Amurrioarrak lauko final gehiagotan
Txapelketa ez badute lortu ere, Zaraobe Saskibaloi Taldeko ordezkari gehiagok jokatu dituzte lauko finalak maiatzean: gizonezkoen kadeteek eta emakumezko zein emakumezko haur kategoriakoek.