Orain Amurriok azken lau urteetan Udalean egindako lana goraipatu du, “hautagaitza burujabea” eta “ahots propioduna” dela azpimarratuta. Amaitzear den legealdian bultzatutako proposamenak eta eskuratutako lorpenak aletu ditu prentsa oharrean.
Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian “aktiboki” parte hartu dutela azpimarratu du Kepa Gonzalez alkategaiak, “alokairu sozialeko etxebizitzak garatzeko oinarriak ezartzen bereziki”. Era berean, gazteentzako alokairua ordaintzeko laguntzak lortu dituztela eta eraikuntzari eta bizigarritasunari buruzko ordenantzetan alegazio zehatzak proposatu dituztela nabarmendu du.
Obra eta Zerbitzuen sailean baldintza batzuk hobetzea lortu dutela gaineratu du talde independenteak: eszenatokiaren teilatua, udal-biltegien hobekuntza, transpaleta, aulkiak eta taulak garraiatzeko kaiolak, kamioi-garabirako aginteak...
Ingurumenari dagokionez, Orain Amurriok zehaztu du bere proposamenez egiten ari direla Aresketamendi, Kuskumendi eta Izartzako parke naturalak suspertzeko proiektuak. Amiantoa kentzeko laguntzak lortzea eta Administrazio Batzarretan minipuntu berdeak jartzea ere aipatu ditu lorpen gisa, bai eta bizikletentzako seinaleztatutako bidegorriak eta aparkaleku estaliak egingo direla ere.
Horrez, gain, enplegurako partida ekonomikoak handitzea eta udal zerga batzuetako laguntzen onuradun kopurua handitzea lortu izana jarri dute balioan. Behar duenari maileguan uzteko, Udalak bi gurpil-aulki erosi dituela ere nabarmendu du Amurrioko taldeak eta Euskara Plana, Berdintasunekoa eta Zaintzakoa onartzen “aktiboki” parte hartu duela ere.
Etorkizunari so
Iraganari asebeteta erreparatu ostean, etorkizunean jarri du talde independenteak ikusmira. Programako zenbait proposamen nabarmendu ditu, eta gogorarazi du Orainamurrio.org helbidean denak daudela irakurgai.
Batzuk aipatzearren, egun Arabako Foru Aldundiak kudeatzen dituen Gizarte Zerbitzuak Udalaren esku egotea aldarrikatuko du Orain Amurriok, eta horretarako finantzaketa nahikoa eskatuko dio Foru erakundeari. Besteak beste, Galdakaoko ospitalera joateko zuzeneko autobus-linea eta osasun-zentroan espezialitate berriak sartzea borrokatuko du. Horrez gain, “kanpora ateratako lanak udalean egitea” aldarrikatuko dute, hau da, kale-garbiketa eta udal-eraikinen garbiketa zerbitzuak berriz udalekotzea, besteak beste.
Energiaren arloan, etxebizitza komunitarioetan autokontsumo energetikoa bultzatzeko laguntzen eta udal-komunitate energetiko bat eratzearen alde egingo dutela jakinarazi dute.
Kulturaren arloan, udal-erakunde bat bultzatu nahi dute, udalerriko kultura-elkarteek osatuko luketena “kultur-eskaintza anitzari kohesio handiagoa emateko”. Anbulatorio zaharra ere birgaitu nahi dute zerbitzu kultural eta sozialak emateko; eta, gazteei dagokienez, egun erabiltzen ez den udal-eremu bat birgaitu nahi dute gazteen parte hartzearen “erreferentziazko zentro” bilakatzeko.
Administrazio Batzarrekin batera egungo finantzaketa berrikusi eta hobetu nahi dute eta, auzoei dagokienez, Auzoen Kontseilua sortu, “auzoen premien ikuspegi orokorra izateko, egungo auzotik auzorako formularekin lortzen ez dena”.
Azken biak aipatzearren, Herriko Emakumeen Sarea bultzatzen jarraitu nahi du Orain Amurriok, eta elkartzeko gune bat eskaini nahi die. Euskarari dagokionez, Udalak onartutako IV. Euskara Plana betetzeko, euskararen erabilera sozialera bideratutako aurrekontu-partidak handitzeko eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren proposamenekiko konpromisoa berretsi du udal taldeak.