TXERRA MOLINUEVO LAÑA (EAJ)

"Pozik gaude baina poza neurrikoa da: Amurrion indarra eta zortzigarren zinegotzia mantendu ditugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2023ko mai. 28a, 23:52

Txerra Molinuevo, Aiarako EAJko alkategaien aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

TXERRA MOLINUEVO ALAÑA izan da alkategai bozkatuena 2023ko udal hauteskundeetan Amurrion. Egindako kanpainaz, lortutako emaitzaz eta datozen asteetako erronkez mintzatu da egungo alkatea.

Nola joan zen atzoko eguna? Nola jaso zenuen emaitza?

Urduri pasa dut egun osoa, ez baitakizu inoiz zer gertatuko den. Azkenean, zortzigarren zinegotzia mantentzea lortu dugu, nahiz eta garaipena nahiko estua izan den. EH Bilduk zazpi zinegotzi lortu ditu, eta PSE-EEk bat gehiago lortu du.

Udal osaerari dagokionez, antzera geratuko da, baina sozialistek indar gehiago izango dute. Horrez gain, Orain Amurriok ordezkaritza galduko du.

Gehiengo osoa izatea espero duzue, berriz?

Datozen asteetan negoziatuko dugu hori, Euskal Herriko emaitzak ikusi ostean. Gaurtik aurrera gauza gehiago baloratu beharko dira, datuak aztertuta. Duela lau urte PSE-EErekin gehiengo osoa eduki genuen; eta logikoa litzateke jarraitzea. Hala ere, PSE-EE eta EH Bildurekin batuko gara, guztiekin, hain zuzen. Gainontzeko lekuetako emaitzak baloratuta hartuko dugu erabakia.

Emaitzen zein irakurketa edo balorazio egiten duzue?

Pozik gaude, baina poza neurrikoa da. Euskadi mailan ez dira emaitza onenak izan gure alderdiarentzat, nahiz eta Amurrion olatuari eutsi diogun: indarra mantendu dugu, baita zortzigarren zinegotzia ere. Uste dugu helburua bete dugula eta pozik egon gaitezkeela. Bihartik aurrera, lanean jarraituko dugu. 

Datozen aste edo hilabeteetan zeintzuk izango dira zuen erronkak?

Udal hauteskundeetan aipatu ditugun proiektuak garatzea. Uste dut kanpaina ona egin dugula, eta amurrioarrek aitortu egin digute hori: merkatu zaharra, trenbidearen obra, eguneko zentroa, aparkalekuak... Dezente mobilizatu gara, eta Amurrion nabaritu egin da hori. Horregatik pentsatzen dut eutsi diogula, eta talde guztiari eskerrak eman nahi dizkiot.

Era berean, berdintasun eta feminismoaren alde lanean jarraitu nahiko genuke; eta aniztasuna jorratzen. Zaintzari ere heldu diogu. 

Udal bilkuran aldaketak datoz, ordezkariei dagokienez...

Bai, hiru alderdi politiko geratuko gara. Alabaina, guk zortzi zinegotzi ditugu, eta EH Bilduk zazpi. Beraz, indar aldetik pareko gaude. Orain Amurrioren zinegotzia PSE-EEk eraman du, baina hori da aldaketa bakarra. Alderdi txikien desagerpena, eta  sozialisten gorakada. Duela 11 urte bezala geratuko gara kasik.

Amurrioarrei begira, zein mezu nahiko zenuke zabaldu?

Eskerrak eman nahi dizkiet bozkatu gaituzten guztiei EAJren izenean. Bihartik aurrera lanean jarraituko dugu, gure programa betetzeko. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide