BIDEOA

Ekainaren 4an egingo duten agerraldi masibo batekin abiatuko dituzte Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren aldeko mobilizazioak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mai. 30a, 08:20

Prentsaurrekoa eskaini zuen atzo ANkerkeriari STOP plataformak, Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren epaiaren aurrean jarritako ebazpenei Auzitegi Gorenak emandako erantzuna baloratzeko. Bi gazteei lau urteko zigor bana berretsi diete, eta hurrengo egunetan espetxeratuak izango direla ohartarazi du plataformak. Ekainaren 4rako agerraldia masiboa deitu dute Amurrion, 11:00etan Zabaleko Eskolako patioan.

Auzitegi Gorenak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei ezarritako lau urteko espetxe zigorrak berretsi ostean, prentsaurrekoa egin zuen atzo ANkerkeriari STOP plataformak, behin betiko sententzia eta bost urtez luzatu den ibilbide judiziala baloratzeko. "Gaueko ordu txikitan Ertzaintzak atxilotu eta lau urte baino gehiago luzatzen ari den ibilbide polizial eta judizial ankerraren nahigabeko protagonistak bilakatu dira Galder eta Aitor", adierazi zuten plataformatik, eta prozesuaren "krudelkeria eta anakronismoa" salatu zituzten.

Auzitegi Goreneko epaileak apirilaren 26an batu ziren defentsak zein fiskaltzak Entzutegi Nazionalaren epaiari jarritako helegiteen gaineko erabakia hartzeko, eta iragan ostegunean -maiatzak 25- egin zen publiko Madrilgo auzitegiaren erabakia; hau da, Entzutegi Nazionalaren epaia berrestea lau urte espetxe zigor bana, urte beteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarriz bi gazteei.

Datozen egunetan espetxeratuak

Behin betiko sententzia mahai gainean, hau noiz betearaziko zain daude Barbado eta Zelaia. Audientzia Nazionalak "espetxeratzeko errekerimendua" abiatu behar du orain. "Errekerimendu hori, gainera, bat-bateko atxiloketa batekin lagunduta etorri daiteke. Egungo egoera, beraz, argia da: Hurrengo egun eta asteetan, atxiloketarekin edo gabe, Aitor eta Galder espetxeratuak izango dira", adierazi zuten atzo Ankerkeriari STOP plataformako bozeramaileek.

"Mina, amorrua, maitasuna eta elkartasuna"

"Minetik eta amorrutik" egin dute balorazioa. "Ulergaitza egiten zaigulako 2023. urtean horrelako eraso bati aurre egin behar izatea. Euskal Herria aurrera doa, eskubide zibil eta politikoak urratu eta horrelako injustiziei aurre egiten kateatuta nahi gaituzten arren", nabarmendu zuen ANkerkeriari STOP plataformak atzo. 

Era berean, geroa "maitasunetik eta elkartasunetik" ere irakurri nahi dute Barbado eta Zelaiaren gertukoek: "Aitor eta Galder gure lagun, kide eta militante politikoak maite ditugu eta ez ditugu bakarrik utziko. Maite dugu herri honekin daukaten konpromisoa eta haiek milaka aldiz egin duten bezala, elkartasun uholde bat itzuli nahi diegu. Elkartasuna eta elkarrekiko babesa da herri honek duen baliorik handiena. eta horregatik izango gaituzue ondoan".

Agerraldi masiboa egingo du ekainaren 4an Amurrioko Zabaleko Eskolako patioan, 11:00etan

Euskal Herriak aurrera

"Euskal Herriak aurrera" lemapean, mobilizazioak eta elkartasun keinuak egiteko deia luzatu diete plataformako bozeramaileek Euskal Herri osoko norbanako eta eragile politiko, sindikal eta sozialei.

Bide horretan, igandean egingo dute bi gazte arabarren aldeko elkartasun mobilizazioen artean lehenengoa. ANkerkeriari STOP plataformak agerraldi masiboa egingo du ekainaren 4an, 11:00etan Amurrioko San Jose auzoko Zabaleko Eskolako jolastokian. Kasuak aurrera egin ahala mobilizazio eta ekimen dinamikarekin jarraituko dute aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide