Prest zaudete Txakolin Egunean Amurrioko parkean eskainiko duzuen kontzerturako?
Prest gaude, noski! Amurriora eta Aiaraldera bueltatzea plazera da, oso gustura gaude beti. Show berezi bat prestatu dugu, antolakuntzak zehaztutako denboretara egokitua. Normalean jotzen ez ditugun abestiak joko ditugu, denboraldi berrikoak. Publikoak kaña handia igarriko du.
Hiru orduko kontzertua, atsedenik gabe. Gainera, badakigu Aiaraldeko peña ez dela geldirik egoten, ziur gaude erantzun polita jasoko dugula publikoaren aldetik. Aiaraldeko kontzertuetan beti jaso dugu erantzun ona.
Arratsaldean jotzea ere erakargarria da, desberdina. Ondo dago lantzean behin gaua alde batera utzi eta arratsalde giroan jotzea.
Iaz ere bertan izan zinen, Erruki erromeriarekin batera. Nola gogoratzen duzu kontzertua?
Gogoratzen dut egundoko sargoria egiten zuela. Txakolina edanda poz-pozik igo ginen eszenatokira. Oso ondo joan zen dena. Hasieran jende gutxi zegoen eszenatoki azpian, egiten zuen eguzkiarekin ezinezkoa zen hor behean egotea. Baina kontzertua hasi ahala betetzen joan zen, eta gero izugarrizko jendetza elkartu genuen.
Erruki erromeriaren lehenengo kontzertua, gainera, Amurrioko kintoetan esakini genuen. Amurriora bueltatzeko modurik onena izan zen Txakolin Eguna. Ez genekien zer zen, ez genuen festa ezagutzen, eta izugarria izan zen aurkitutakoa.
Pena igandea izatea, egundoko gogoa genuen festan jarraitzeko. Kontzertua amaitu zenean jendeak ez zuen inora alde egiteko asmorik, eta soinu teknikariak musika jartzen ibili ziren.
Uda sasoia ate-joka dago, eta plazaz plaza aritzeko unea da, gogotsu zaudete?
Oso gogotsu gaude! Lan piloa egin dugu. Neguan bira txiki bat egin dugu areto desberdinetatik, baina plazetan probatzeko gogoa daukagu; gu plazetakoak gara. Laster iragarriko ditugu udako datak, baina tralla handia izango da; Akrebltzek ez du sekula hainbeste jo azken 15 urte hauetan.
Zuzenekoetan rollo ona eta konexioa aurkituko ditu publikoak. Abesti berriak ditugu, eta parte hartzea nahi dugu sustatu. Etengabeko konexioa, bai jotzen ditugun abestiekin, baita koreografiekin ere. Gauza askoa aldatu ditugu, patxangeoa gehitu dugu… Kontzertu batetik bestera ere asko aldatuko dugu errepertorioa. Aurreko kontzertu batean No es extraño abestia eskatu ziguten sutsuki, eta orain jotzen hasi gara. Pot-pourriak ere aldatu ditugu.
Etengabe porobak egiten gaude. Publikoak juerga itzela aurkituko du. Nahi duguna da juerga sortzea herri guztietan eta gu horren parte izatea. Esperientziak eta ausardiak definitzen du Akerbeltz. Ibilbide luzea du taldeak baina aurten molde asko apurtuko ditu.
Askatasuna aldarrikatu nahi dugu. Inolako erasorik gabeko jaiak nahi ditugu, eta musikan ere berdina aldarrikatzera goaz. Inolako konplexurik gabe.
Aurten 15 urte bete ditu taldeak, eta hori ospatzeko kontzertuak eskaini dituzue. Nola aldatu da taldea urte hauetan guztietan?
Taldea izugarri aldatu da. Ni duela urtebete batu nintzen taldera, baina zuzenekoetan ikusi izan dut. Hasieran oso rockero hasi ziren. Izena bera ere oso rockeroa da, hasierako talde horren influentzietan oinarrituta. Hamabost urte hauetan abeslariak aldatu egin dira, musikariak ere…
Nik Uste Akerbeltzek jakin izan duela jendearen gustuetara moldatzen. Erromerietan eta orokorrean euskal txosnetan entzuten den musika horretara egokitu da, eta hori jakin du egiten. Rock musikatik trikitira igaroz, eta orain musika elektronikora jauzi eginez.
Guk ibilbide guzti horren nahasketa egin dugu, eta orain denetarik jotzen dugu.