JON TXOMIN MENDIA

“Euskaldunez inguraturik, euskaraz mintzo gara ingelesez baino gehiago ia”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 5a, 08:00
Jon Bilbao liburutegian ari da lan egiten Jon Txomin Mendia Amurrioarra. / Aiaraldea.eus

Nevadako Reno hiriko unibertsitatean ari da lanean JON TXOMIN MENDIA (Amurrio, 1996), bertako Center for Basque Studies-eko Jon Bilbao liburutegian. XIX. mendearen bukaeraz geroztik euskal herritar asko joan ziren Nevadara, eta diaspora horrek ondare kultural handia utzi du inguran.

Zerk eraman zaitu Nevadara?

Global Training bekari esker iritsi nintzen Nevadara, hemengo unibertsitate publikoko liburutegiaren parte den Jon Bilbao euskal liburutegian nago lanean. Ekialdean familia dudan arren, lehenengo aldia izan da AEBn.

Otsailetik daramat hemen, zuen deiaren zain negoen ja! Familiari eta amamari batez ere, lerro hauek irakurtzeak egingo dion ilusioarengatik bakarrik merezi du (beraz mila esker)… sei hilabeterako eman zidaten beka eta abuzturarte egongo naiz. Oso erraza izan da lekura egokitzea Euskal liburutegian eta Center for Basque Studies-eko (CBS) lankide eta irakasleek oso harrera ona egin zidaten, euskaldunez inguraturik euskaraz mintzo gara ingelesez baino gehiago ia.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Eguraldi ona iritsi arte rutinarioegia egia esan, lanetik erresidentziara eta buelta. 15 minutu egiten ditut oinez campusa gurutzatzeko; zortea da AEBtan autoa erabili behar ez izatea. Lanean, liburuen katalogazioa eta batez ere bilduma digitalen deskribapenak landu ditut. Hauen artean, poster bilduma izan da gehien landu dudana. Ikusgarria da, non eta Nevadan gure herrialdearen historiaren parte diren 6000 poster baino gehiago aurkitzea; bai diasporako elkarte ezberdinenak baita EHko elkarte, sindikatu, herri mugimendu eta alderdi politikoenak ere.

Zer da Jon Bilbao liburutegia?

1960eko hamarkada bukaeran diasporak ireki zuen liburutegia, oraindik ere frankismo garaian. Euskal kulturari lotutako atxibo-bilduma unikoak dauzka, eta Euskal Herritk kanpo euskal liburu eta artxibo gehien dituen liburtegia da. Bi hilabete geratzen zaizkit. Bueltatu baino lehen euskal ondareari buruz gehiago ikastea eta bizitzea da helburua: Nevada inguruan dauden herri txiagoak bisitatuz, euskal jatetxea, hotelak, "arborglyphs" (artzainek zuhaitzetan egindako marrazki, idazkerak)... Uztailean hemengo herri ezberdinetan antolatzen diren euskal jaietan parte hartu nahi dut ere.

Estatu Batuetako beste toki batzuetatik bidaiatzeko denbora ere izan duzu, nondik ibili zara?

Aukera izan dut bidaiatzeko, bai. Kaliforniatik batez ere: Sacramento, San Francisco eta Los Angeles bisitatu ditut. San Francisco asko gustatu zitzaidan, kontraste eta kontraesan askoko hiria da. Dena den, hirien artean ez dut desberdintasunik aurkitu. Horregatik, hirietatik urrun dago benetan turismoa egiteko arrazoi nagusia: herrialdeko gauzarik ikusgarriena parke naturalak dira. Aurreko astean Las Vegaserako hegaldia hartu genuen, ez hiria bisitatzeko baizik eta inguruko paraje eta parke naturalak ezagutzeko: Grand Canyon, Monument Valley, Zion Park... Paisai oso ezberdinak gurutzatu genituen errepidean zear: desertutik euri zaparraden artean parke berdetara igaroz.

Alde handia igarri duzue Euskal Herriaren eta Nevadaren artean?

Nire pertzepzioa da eta honekin ez dut ezer berria deskubritzen… gizarte indibidualistagoa dela. Guztiok dugu zerbaiten parte izatearen beharra eta haiek talde sentimendu hori unibertsitatearen bitartez lortzen dute, campusak eta bertako giroa herrialdeko gauzarik interesgarriena dira… EHUn pentsaezina litzateke, guk atxikimendu behar hori beste modu batean adierazten dugulako; taldeekiko, herriarekiko edo, eskala txikiagoan kuadrillarekiko. Aurrekoarekin lotuta, estatubatuarrak espontaneoagoak dira, ezezagunekin eta irekitzea, lehenengo momentuan behintzat gutxiago kostatzen zaie eta atzerritarra izanda, horrek asko laguntzen du. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide