Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako sententzia "erabat lekuz kanpo" dagoela salatu du Sarek

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 1a, 18:24

ANkerkeriari STOP plataformak iaz egindako mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

Oharra plazaratu du Sarek Auzitegi Gorenak berretsitako Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen aurkako espetxe zigorra salatzeko. "Mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika" dela adierazi du euskal presoen eskubideen aldeko eragileak.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteek jasotako behin betiko sententziaren aurka azaldu da Sare. Ohar bidez, euskal presoen eskubideen aldeko eragileak gogor kritikatu ditu Auzitegi Gorenak duela astebete berretsitako lau urteko espetxe zigorrak.

Bost urtez luzatu den prozesu judiziala eta sententzia bera "zentzugabetzat" jo ditu Sarek. "ETAk jarduera armatuari amaiera emateko erabakia hartu zuenetik 12 urte igaro diren arren, eta desegin zenetik bost urte igaro diren arren, badira etengabeko gatazkari eusten saiatzen direnak", adierazi dute oharrean.

Epaia "mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika" dela salatu du Sarek, eta Barbado eta Zelaiaren aurkako epaiketa "froga irmorik gabekoa" izan zela gaineratu du. "Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da".

Espetxeak husteko unea

Sareren iritziz, espetxeak betetzen jarraitzeak "ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean". Kontrara, "espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak" ematearen beharra aldarrikatu du.

"Hala eta guztiz ere, edo, hain zuzen ere, horregatik, Sare Herritarra elkartetik adierazten dugu bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko borondatea dugula eta horretan jarraituko dugula burubelarri. Hori baita euskal gizartearen gehiengo zabalak guztioi eskatzen diguna", nabarmendu dute oharrean.

Mobilizatzeko deia

Azkenik, sententziaren aurka eta bi gazteen alde datozen egun eta asteetan deituko diren mobilizazioetara batzeko deia egin du Sarek.

Lehenengo hitzordua igande honetan izango da, Amurrioko Zabaleko Ikastetxeko patioan ANkerkeriari STOP plataformak deitu duen agerraldi masiboan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide