Giltzarrapok Titoren omenezko hirugarren futbol txapelketa egingo du ekainaren 24an

Jone Gartzia Gerra 2023ko eka. 2a, 12:00
Txapelketa urtero antolatzeko asmoa dute Giltzarrapoko kideek

Ekainaren 24an egun osoko egitaraua antolatuko dute Giltzarrapoko jokalariek, Tito kide ohia omendu, futbolean ondo pasatu eta taldea finantzatzeko.

2019an antolatu zuten Giltzarrapoko kideek Tito kide ohiaren omenezko lehen futbol txapelketa. Urteroko hitzordu bilakatzeko asmoa zuten, baina, pandemia tarteko, 2022ra arte ezin izan zuten bigarrena antolatu. Borja Guillen Diaz taldekideak Aiaraldea komunikabideari azaldu dionez, iaz “arrakasta handia” izan zuen torneoak, eta aurten ere jarraipena eman nahi diote. Ekainaren 24an, ekaineko azken larunbatean, egun osoko egitaraua prestatuko dute horretarako.

Txapelketaren helburua hirukoitza da antolatzaileentzat. Lehenik eta behin, Tito kide ohiari omenaldia egin nahi diote. Guillenek azaldutakoaren arabera, taldeko ordezkaria zen Tito, eta proiektuaren parte izan zen Giltzarraporen hastapenetan. “Tamalez, proiektua egia bihurtu baino lehen, justu urte horretan joan zitzaigun. Beti laguntzeko prest agertzen zen eta partida guztietara zetorren. Bere omenez txapelketa bat egitea bururatu zitzaigun”, azaldu du taldekideak.

Bigarren helburua, halabeharrez, futbolean jokatzea eta ondo pasatzea da. Hartara, futbola gustuko duen jende orori gonbita luzatu dio antolakuntzako kideak, “patxanga bat jolasteko beti irrikan” daudela aipatuta.

Azken helburua taldearen izaerari estuki loturik dago: proiektua finantzatzea. Izan ere, “autogestionatutako lagun talde” bezala definitzen dute beren burua Giltzarrapoko kideek. Haiek jartzen dute taldea aurrera eramateko behar den dirua eta txapelketarekin martxan jarraitzeko baliabide ekonomikoak ere eskuratzen dituzte. Txosna jarriko dute egun osoan zehar eta herri bazkaria ere antolatu dute.

Lagun talde bat

Egun, 22 gazte inguru dira Giltzarrapo futbol taldearen kide. Bere garaian Amurrio Cluben jokatzen zuten jokalariek osatu zuten. Klubak ez omen zuen eurekin kontatzen eta, partida guztietan aulkian egoteaz aspertuta, beste talde bat sortzea erabaki zuten. Orduan areto futbolarekin hasi ziren, baina, pixkanaka-pixkanaka handitzen joan dira eta aurten hamaikako futbol taldea ere atera dute.

Jokalari gehienak amurrioarrak edo eskualdekoak direnez, “herriaren babesa” dutela azaldu du Borja Guillenek eta, nolabait, herriarentzako antolatutako lehiaketarekin itzuli nahi diote jasotako berotasuna. Ekainaren 24an giro polita sortuko delakoan dago amurrioarra.

Eguneko egitaraua

Eguneko eskaintza prestatu dute Giltzarrapoko kideek ekainaren 24rako. Goizeko 09:30ean emango diote hasiera zazpiko futbol partidei Refor kirolgunean. Esan bezala, egun osoan zehar txosna egongo da eta 15:00etan herri bazkaria egingo dute tokian bertan. Bazkalostean finalerdien eta finalaren txanda izango da. Arratsaldeko 19:00ak aldera emango diote amaiera egunari.

Dagoeneko nahiko taldek izena eman dutela adierazi du Guillenek. Oraindik ere apuntatzeko tartea dagoen arren, antolaketa errazteko “ahalik eta lasterren” egin dezaten eskatu die interesdunei. Hala ere, malguak izango direla aurreratu du. Taldea osatzeko ez dago inolako mugarik: gutxienez zazpi kide batu eta Instagram bidez edo 600.827.224 telefonora idatzi baino ez da egin behar. Giltzarrapoko kideek pozez jasoko dituzte parte hartu nahi duten lehiakide guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide