Gaur 11:00etan deitu du "agerraldi masiboa" ANkerkeriari Stop! plataformak Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren alde. Edonola ere, ekitaldia nabarmen atzeratu da 1.200 lagun elkartu direlako Zabaleko Eskolako jolastokian, eta sarrera gainezka egon delako.
Agertu diren herritarren artean zeuden Aiaraldeko ehunka biztanle, baina baita atxikitu diren ordezkari politikoak (Julen Arzuaga legebiltzarkidea, Ainize Gastaka Laudioko alkategaia, Joseba Vivanco Artziniegako alkatea, Itziar Biguri Urduñako alkatea, Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea...), kirolariak (Aritz Arberas Pampin Bahrein Victorious taldeko prestatzaile fisikoa, Iker Larrazabal pilotaria), errepresaliatu ohiak (Alfredo Remirez, Julen Ibarrola, Pablo Gorostiaga...) edo sortzaileak (Txerra Bolinaga RIP taldeko musikaria, Aitor Gorosabel Su Ta Gar tadeko kidea, Mikel Ayllon idazlea, Luis Vil zinemagile eta musikaria edota Malen Atxa bakarlaria).
Plataformaren izenean hartu dute hitza Madalen Muguruzak eta Miren Lapitzek. Lehenik eta behin, salatu dute gazte arabarrek pairatu duten prozesua: "2019ko otsailaren 7an hasi zen ametsgaizto hau. Aitor Zelaia eta Galder Barbado gaueko ordu txikitan atxilotu eta Madrilera eraman zituen Ertzaintzak. 6 hilabeteko espetxealdiaren ostean 2021eko urtarrilean izan zen epaiketa Auzitegi Nazionalean. Epaia: 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa. Baina abokatu eta fiskaltzaren helegite judizialak tarteko, kasua Auzitegi Gorenera bideratu zen. Aitor eta Galderrek bi urte baino gehiago pasa dituzte erantzunaren zain, tamainako espetxe zigor baten mehatxuaren aurrean bizitza eta egunerokotasun 'normala' egitea posible izango balitz bezala. Auzitegi Gorenak, 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa berrestea erabaki du. Ebazpen honen aurrean, ANkerkeria beste izenik ez duen kasu honen aurrean, eta lehenengo egunetik egin dugun bezala, prozesuaren anakronismoa eta krudelkeria salatu nahi ditugu".
Hori guztia injustiziatzat jo dute plataformako ordezkariek eta aldarrikatu dute ez dituztela bi gazteak bakarrik utziko eta kaleak elkartasunaz betetzera deitu dute euskal gizartea.
Horrez gain, iragarri dute egoera berri horren aurrean mobilizazio zikloa irekiko dela eta jende orori eskatu diote adi egoteko antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko: "Denbora gure kontra jarri nahi dute, prozesu hau ahalik eta gehien luzatuz eta Aitor eta Galderri eta haien senide eta lagunei zigor bikoitza ezarriz. Jarri dezagun guk denbora gure alde, bete ditzagun Euskal Herriko kale, plaza eta txosnak elkartasunez, eta zabal dezagun gure mezua lau haizetara, jakin dezatela behingoz herri honek zutik dirauela. Horregatik, norbanako eta eragile desberdinei dei egiten diegu, zabalduko diren deialdietan parte hartu eta babes ditzaten, tokian toki burutu daitezkeen elkartasun keinuak zabaltzearekin batera".
Argazkiak: Aitor Aspuru eta Andima Errazti