Sutea piztu da Jose Madinabeitia kalean 20:00ak aldera, baina herritarrek eurek itzali dute. Hain zuzen, suhiltzaileek Aiaraldea Komunikabideari adierazitakoaren arabera, etxebizitza baten sukaldean piztu da sua, lapiko baten erruz. Kea zabaldu da eta eraikinaren azpian dagoen tabernatik ikusi dute.
Orduan, lekukoek azaldu dutenez, Biderdi tabernako langilea eta zenbait bezero atarira deitzen hasi dira eta ostalaritza establezimenduko su-itzaltzaileekin igo dira gora. Horiek baliatuta esagerrarazi dute sua, eta handik gutxira agertu dira larrialdi zerbitzuak. Kontuan hartu behar da gaur Txakolin Eguna ospatu dela herrian eta, ondorioz, jende ugari zegoela kale eta tabernetan.
Suhiltzaileek berretsi dute sutea itzalita zegoela heldu direnerako, baina prebentzio neurriak hartu dituzte bada ez bada. Bitartean, osasun zerbitzuek etxebizitzan egon diren herritar batzuk behatu dituzte, kea arnastu baitute. Edonola ere, suhiltzaileek argitu dute herritar horiek ondo zeudela.