'Oporretan ere euskaraz' Amurriora itzuliko da, eskaintza zabalagoarekin

Jone Gartzia Gerra 2023ko eka. 6a, 11:00

Askotariko jarduerak egiten dituzte Amurrioko gazteek 'Oporretan ere euskaraz' programaren baitan.

https://udala.amurrio.eus/eus/berriak/1204-oporretan-ere-euskeraz-amurriora-itzuli-da-eta-jolasak-abestiak-irteerak-txangoak-eta-hainbat-berrikuntza-proposatzen-dituUztailean Amurrioko gaztetxoenek aisialdi eskaintza bereziaz gozatzeko aukera izango dute, berrikuntza batekin: 2019an eta 2020an jaiotakoek ere parte-hartzeko aukera izango dute. Azken hauek aurrez izena emateko ekainaren 7ra arte dute tartea eta 5 eta 12 urte bitartekoek ekainaren 10erarte.

Uztailaren 3tik 31ra bitartean Oporretan ere euskaraz programa itzuliko da Amurriora. Bost eta hamabi urte bitarteko haurrek jolasekin, abestiekin, tailerrekin eta txangoekin gozatzeko aukera izango dute hilabete osoan zehar. Hauek, ekainaren 10era bitarte eman beharko dute izena Kultur Etxean.

Jarduerak uztailaren 3tik 31ra izango dira eta aurten 2019 eta 2020 urteetan jaiotakoek parte-hartzeko aukera izango dute.

Aurtengo berrikuntza nabarmena herriko txikitxoenei eskaintza zabaldu izana da. Lehen aldiz 2019an eta 2020an jaiotako haurrek ere udako programazio berezi honetaz gozatzeko aukera izango dute, “haientzat bereziki diseinatutako jarduerekin”. Beren ordutegia 09:30etik 13:30era izango da eta Armurulanda plazan dagoen Ludotekan egingo dituzte ekintzak.

Amurrioko Udalak jakinarazi du B eta D ereduetan ikasten duten haurrek baino ezingo dutela programa horretan parte hartu. Amurrioko Udalaren webgunean topa dezaketen aurreinskripzio orria bete beharko dute eta Kultur Etxean entregatu edo posta elektroniko bidez partehartzea@amurrio.eus helbidera helarazi. Ekainaren 7ra arteko epea dute horretarako. Izan ere, plaza erabilgarri baino izen-emate gehiago egonez gero, ekainaren 8an zozketa egingo du Amurrioko Udalak eta, ondoren, ekainaren 14ra arte zabalduko dute behin betiko izena emateko epea. Onartuen zerrendak ekainaren 16an argitaratuko dituzte Kultur Etxean. Matrikularen prezioa 62,06 eurokoa izango da eta bi anai-arreba edo gehiagoren kasuan, ume bakoitzak 55,87 euro ordaindu beharko ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide