Gaur iritsi dira Lisboako Real Colégio de Portugal ikastetxeko sei irakasle Amurrioko Amaurre ikastetxera. Hiru egunez bertoko eskolan erabiltzen dituzten metodologiak eta kudeaketa zein antolakuntza moduak ezagutuko dituzte, behaketa oinarri duen egonaldiaren bidez.
Amurrioko eskolak azaldu duenez, “PYCTO irakurketa-idazketa metodologia, STEAM ekimena edota matematikak ikasteko Singapur Metodoa” gertutik ezagutu ahalko dituzte Lisboarrek. Horrez gain, “Arazoetan Oinarritutako Irakaskuntza, Irakaskuntza Kooperatiboa eta Pentsamenduan Oinarritutako Irakaskuntza uztartzen dituzten proiektuak” ere erakutsiko dizkiete.
Erasmus+
Jarduera hau Europar Batasunaren Erasmus+ programaren bidez esleitzen diren akreditazioei esker antolatu du Amaurrek. Izan ere, iaz esleitu zioten akreditazioa eta, horrela, Europan zehar ikasketa helburu duten ikasleen eta irakasleen mugikortasun programak finantzatzeko zazpi urterako dirulaguntza jaso du Amurrioko zentroak.
Hala, urrian Amurrioko ikasleak izango dira Lisboako Real Colégio de Portugal ikastetxea bisitatuko dutenak. Astebeteko egonaldia egingo dute “kulturartekotasuna eta jasangarritasuna lantzeko helburuarekin”.